Jeronimo harategiaren buzkentza izan da XIX. odoloste txapelketako onena
San Martin jaien inguruan Bermeon antolatzen den azokan hainbat produktu eskuratu daitezkeen arren, txerrikia izaten da urtero, protagonista nagusia, bereziki, buzkentza. Andeko tabernak odoloste txapelketa antolatzen du; aurtengoa hamalaugarrena izan da, eta bosgarren urtez jarraian, Bermeoko Jeronimo harategiaren buzkentza izan da txapelketako onena.
Bizkaitik, Bermeo, Gernika-Lumo, Morga, Mungia, Durango, Zornotza eta Loiuko harategiek, eta Gipuzkoatik, Ibarra eta Zestoako harategiek parte hartu dute aurtengo odoloste txapelketan; guztira, 25 harategik hartu dute parte. Andeko tabernak antolatzen duen txapelketak, baina, hiru sari banatzen ditu; bigarren saria, Bermeoko Fede harategiarentzat izan zen, eta hirugarrena, berriz, Gernika-Lumoko Jesus Mari Martijarentzat. Domekako azokan izan ziren erakusmahaien arteko politena ere aukeratu eta saritu zuten. Hain zuzen ere, Bermeoko Lansabaso harategiak jarritakoak jaso du aurten izendapena.
Azken bi urteekin alderatuta, aurten, Lamera gainezka izan zen zen domekan, batez ere eguerdi partean. Azken bi urteetan ez modura, aurten, eguraldia lagun izan zuten, egun eguzkitsua egin baitzuen.
Erosten eta dastatzen ibili ziren bai herritarrak, bai eta inguruko herrietatik bertaratutakoak; izan ere, hainbat harategik euren buzkentzak eta txorizoak dastatzeko aukera eman zuten.
JERONIMO MATEO: «Gure lana berdina da beti, beraz, buzkentza ere berdin ateratzen da»
Bost urtez jarraian, zure odolostea izan da Bermeoko odoloste txapelketako gozoena. Benetan diozu sekreturik ez daukazula? Benetan diot, bai. Gure lana beti da berdina, beraz, odolosteak ere berdin ateratzen dira. Garrantzitsuena produktuak onak izatea da, eta hala egiten dugu; bertoko tipula eta porruak erabili eta ondo prestatu. Hala ere, mimoz egitea ere oso garrantzitsua da.
Epahaimahaikideekin berba egin al duzu? Zer esan dizute? Bai, beraiekin egon nintzen. Oso gozoak zirela esan zidaten, gainontzekoengandik gailentzen zirela esan zidaten, gainera. Ia denek eman diote gure odolosteari punturik gehienak. Urtero esaten didate gauza bera, eta bide horretatik jarraitzeko esaten didate.
Zenbat urteko esperientzia daukazu? 30 urte damatzat harakin modura lanean, eta esperientziak asko laguntzen du. Bermeoko odoloste txapelketara aurkezten hasi ginenetik, urtero atera dugu sariren bat.
Hurrengo hitzordua Mungiako San Antontxukoa izango al da? Bai, joan beharra daukat. EAEko txorizo eta odoloste txapelketa izaten da hangoa, eta iaz irabazi nuenez, aurkeztu beharra daukadala uste dut, ea aurten ere lortzen dugun. Bost aldiz aurkeztu naiz, eta lautan irabazi dut. Urtarrilaren 18an izango da hori.
Domekako azokan odoloste barik geratu zineten. Bat bakarra ere ez zen geratu. Astelehen goizez jendea etorri da horiek bila, baina bakarra ere ez zaigu geratzen. Odolosteak ez dira momentu batetik bestera egiten, prozesu bat da, beraz, arratsaldera arte ez ditugu edukiko. Ez dakit zehazten zenbat kilo odoloste saldu genituen domekan, baina asko eta asko. Bermeoko eta inguruko jendeak ezagutzen naute, eta saria eman aurretik ea guztiak salduta neuzkan;bai odolosteak, bai eta txorizoak ere. Jendeak badaki produktu on bat daukadala. Topera ibili ginen domekan.

