
New Yorkeko maratoian 33. sailkatu da (2:31:56) Kepa Ruiz Itxaso (Mundaka, 1978). Lasterketako lehenengo euskal herritarra izan da, eta Europako bederatzigarrena. Aspalditik zuen ametsa bete du horrela, eta lasterketa gogorra bezain berezia dela nabarmendu du.
50.000 lagunen artean 33. postuan sailkatu zinen. Ez da ez, edonolako marka.
Lasterketa berezi bat da, eta bertan egon behar da nolakoa den jakiteko. 42 kilometrotan zehar, 2.000.000 pertsona egon ziren lasterketa ikusten. Lasterketa buruan zoazenean konturatzen zara zenbat jende dagoen. Sentsazio oso polita eta orain arte bizigabekoa izan da. Manhattanera heltzean, azken hamar-hamabi kilometroetan, ikusi nuen kalearen bi aldeetatik jende pila bat zegoela animatzen, eta nahiz eta gorputza hutsik egon eta sufritzen egon, jendearen animoek pila bat lagundu zidaten. Sentipen berezia da, eta guztiz desberdina.
Parte hartzen zenuen lehenengo aldia izan al da?
2010. urtean ikusle moduan egon nintzen. Urte horretan saiatu nintzen parte hartzen, baina ez nuen lortu. Orduan ikusi nuen bertan zegoen giroa oso polita zela, eta erabaki nuen bertan parte hartzeko garaia heldu zela.
Zelan otu zitzaizun New Yorkeko maratoian parte hartzeko ideia?
Bertara joateko ideia txikitatik datorkit, amets baten modukoa izan baita. Betidanik nahi izan dut maratoiren batean parte hartu eta korrika egin, eta New Yorkeko maratoia da handiena. Uste dut sasoiz oso ondo heldu naizela, eta hasieran markatutako helburua lortu dugula.
Edonork eman al dezake izena?
New Yorkeko maratoian parte hartzea oso zaila da, leku mugatuak daude. Aldez aurretik eman behar izaten da izena, eta aurkeztutako marken arabera erabakitzen dute nortzuek parte hartzen duten eta nortzuek ez. Orain urtebete aurkeztu nuen Erromako erdi maratoian egindako marka, eta urtarrilean jakin nuen onartu egin nindutela.
Zelan prestatu zenuen lasterketa?
Behin jakinda azaroan New Yorkera joango nintzela, ekainean hasi nintzen entrenatzen. Aurretik Bartzelonako maratoi erdia prestatzen nenbilen. Maratoi hori otsailean egin nuen, eta hori amaituta, atsedena hartzeko ordua zela erabaki nuen. Baina entrenatzen jarraitu nuen, apurka-apurka sasoia ez galtzeko. Gero, ekainetik aurrera, kilometroak egiten hasi nintzen, eta hilabeteak pasatu ahala, kalitatea gehitzen hasi nintzen. Hala, astean 120 kilometro egiten nituen. Fernando Gomez entrenatzaileak eta biok erabaki genuen kilometro asko ez sartzea, baina kalitatezko kilometroak egitea. Helburua fresko heltzea zen, eta, batez ere, muskularki eta fisikoki indartsu heltzea. Uste dut lortu genuela.
Eta behin hara helduta, zer sentitu zenuen?
Egia esanda, alde batetik, sentsazio onak ziren, banekielako ondo entrenatuta nengoela. Gorputzak ondo barneratzen zuen intentsitatea, baina azken astean, zainak minberatuta eduki nituen. Burua ez neukan lasterketan, minean baino. Banekien minagaz, korrika egitea oso zaila zela. Uste nuen ez nuela lasterketa amaituko.
Hala ere, aurrera egitea erabaki zenuen.
Geroz eta min handiagoa neukan, eta zalantzaz beterik joan nintzen. Baina asmoa lasterketaz gozatzea zen, eta behin irteera emanda, kontzentratzen saiatu nintzen. Hala ere, hasieratik nabaritu nuen mina neukala. Maratoi erdira heltzen saiatzea erabaki nuen, eta orduan ikusiko nuen jarraitu ala ez.
Eta jarraituta, marka ederra lortu zenuen.
Egia esan, mina geroz eta handiagoa zen. Baina kilometroak igaro ahala, helmuga geroz eta hurbilago zegoela pentsatzen nuen. Maratoi erdira helduta, neukan dena ematea erabaki nuen, eta mina alde batera uzten saiatzea. Gorputzak bere mugak ditu, eta horietara ailegatzerakoan, uste dut ez duela minik ere nabaritzen; 30 kilometrotik aurrera korrikalariak ez du ezer sentitzen. Sufrituta, helmugara heltzea besterik ez duzu buruan. Gorputza muga horretara ohituko balitz moduko zerbait da.
“Aurretik egindako lasterketekin ez dauka zerikusirik; izugarria da New Yorkekoa”
Zein izan zen momenturik gogorrena?
32. kilometroan makalaldi handi bat nabaritu nuen. Erritmoa oso ona zen; maratoi erdia ordubete, 13 minutu eta 39 segundotan pasatu nuen, eta horrela jarraituta, helmugara 2 ordu eta 27 minutuko denboran ailegatuko nintzateke. Dena den, jakin banekien zailena gelditzen zela oraindik. Izan ere, azken kilometroak dira zailenak, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere; batez ere, aldapengatik. Azken zazpi kilometroetan, Central Parken sartzen zarenean dauden aldapetan, makalaldi antzeko bat heltzen zaizu, baina, aldi berean, burua helmugan pentsatzen daukazu.
Atleta moduan esperientzia baduzu, baina halakorik bizi barik egon zara, orduan.
Aurretik egin ditudan lasterketekin ez dauka zerikusirik. Korrika egiten duen pertsona batentzat New Yorkeko maratoia leku berezia da. Baten batek maratoi bat egiteko asmoa badauka, New Yorkera joan beharra du, eta bertan dauden sentsazio desberdinak bizi behar ditu. Hiria paralizatu egiten da egun horretan, jende guztia geratzen da lasterketa ikusten. Izugarria da.
Denboraldi honetan Bartzelonako maratoi erdia ere egin duzula diozu. Zer moduz bertan?
Ordubete eta 9 minutuko denboragaz, 22. postuan amaitu nuen. Marka ona lortu nuen, baita postua ere. Kontuan hartu behar da lehenengo hamar edo hamabost postuak afrikarrek eskuratzen dituztela; horiekin ez dago zer eginik. Ni saiatzen naiz nire lasterketa egiten; sasoiz ahalik eta hoberen heltzen, eta bigarren talde horretan sartuz gero, badakit posible dela aurreneko 30en artean sartzea. Ezin zara denboraldi osoan sasoian egon, azkenean sasoia galdu behar duzu, gero, berriz ere galdutako sasoi hori berreskuratzeko.
Eta pentsatu al duzu zein izango den hurrengo lasterketa?
Emazteagaz berba egin nuen, eta New Yorkeko maratoia eginda, uzteko ideia neukan. Baina ikusi dut beste maratoi batean 2 ordu eta 27 minutuko denbora egitea posible dela, hori marka oso-oso ona litzateke. Buruari bueltak ematen ari naiz, eta, agian, datorren urtean, Berlinera (Alemaniara) joango naiz, ea azken marka hori gainditzen dudan.
2012an lehiatzeari utzi eta bi urteko etenaldiaren ostean, berriro ere martxan zaude.
2014an hasi nintzen berriro korrika eginez entrenatzen, eta maratoi erdiren batean parte hartzea erabaki nuen orduan. Erroman (Italia) egin nuen korrika, eta nire markarik onena lortu nuen: ordubete, 9 minutu eta 3 segundo. Bertan ikusi nuen emaitza ona izan zela, eta posible zela marka hori hobetzea, ez nintzelako sasoiz oso ondo heldu. Gero, denboraldia prestatzen hasi ginen, bai Bartzelonako maratoi erdira, eta batez ere, New Yorkeko maratoira ahalik-eta sasoirik onenean heltzeko.