
Iñigo Atxa
Euskal Herriko 26 zuzendarik egindako beldur, zientzia fikzio eta fantasiazko film laburrez osatutako film kolektiboa da
Euskal Harriaren ABDak. Zuzendari horien guztien artean dago Iñigo Atxa (1979, Bermeo). Katihotsak Logia kolektiboak pentsatu eta atondutako proiektua da, eta joan den astean aurkeztu zuten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan. Gaur, berriz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hiriburuetan ikusi ahalko da.
Zer suposatu du zuretzat Euskal Harriaren ABDak proiektuan parte hartzeak?
Batetik, proposamen interesgarri bateko parte izatea. Gainera, proposamena nondik zetorren kontuan izanik, banekien proiektuak oihartzuna izango zuela. Bestetik, erronka bat da, ez bainago ohituta euskarazko film laburrak egitera; normalean gazteleraz lan egiten dut eta. Orokorrean, esperientzia oso ona izan da, eta oraindik izaten ari da.
Parte hartzeko deia jaso zenuenean, zer iruditu zitzaizun ideia?
Momentu haretan lan handia neukan eta zenbait proiektu ere banituen esku artean. Hala ere, burubelarri sartu nintzen parte hartzera, ideia oso ona eta dibertigarria zela pentsatu nuelako. Inoiz pentsatu izan dut horrelako gauzaren batean parte hartzea gustatuko litzaidakeela; hau da, film kolektibo batean edota film laburren bildumatze batean. Proposamena, hortaz, une egokian iritsi zen, nahiz eta lanpetuta nengoen.
Euskal Herriko beste 25 zuzendarigaz batera parte hartu duzu proiektu horretan. Horietako batzuk profesionalak dira, gainera. Zuzendari modura ateak irekitzeko balioko dizu?
Bai, dudarik barik. Mundu honetan ezaguna izateko, hor egotea da garrantzitsuena; hau da, presente egotea. Hala ere, nire helburua egiten dudanagaz ondo pasatzea da, bai eta burura etortzen zaizkidanak kontatzea ere. Hortik abiatuta, zeozer gehiago lortzen baldin badut, ongi etorria izango da.
Zuzendari bakoitzari alfabetoko hizki bat egokitu zizuen; zuri TS-a. Erraza izan al da?
Egia esan, apur bat kostatu zitzaidan martxa hartzea. Hizkiak banatu aurretik, zenbait ideia nituen buruan. Baina, gutuna jaso nuenean eta TS hizkia nirea zela ikusi nuenean, eskema apurtu zitzaidan. Bitxia da, baina, azkenean, zailtasun horretatik sortu zen ideia. Hizki horretatik hasten zen berbaren baten bila ibili nintzen luzaroan. Hala ere, azkenean, lagun batek egindako proposamen batetik dator film laburrak kontatzen duen istorioa.
Laguntzarik eduki al duzu grabaketa eta ekoizketa lanak egiteko?
Bai, noski. Ohi modura, pazientzia handia daukaten zenbait lagunen laguntza izan dut: Alexander Latxagak eta Vanesa Gutierrezek aktore lanak egin dituzte; Iratxe Irizarrek makillajeagaz lagundu dit; Iker Bengoetxea eta Iratxe Azkarate zuzendari-laguntzaile izan ditut; Xabier Elizburuk euskaraz idazten lagundu dit; Oier Zalbideak grabaketak egiteko zenbait gune proposatu dizkit; Jabi Garciak eta Iraide Narbaizak, bestalde, azken unean huts egiten duten xehetasunekin lagundu didate, eta zelan ez, Iker Bilbaok. Bere proposamenak balio izan dit film laburra martxan jartzeko.
Joan den eguenean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan aurkeztu zen film kolektiboa. Zer iruditu zaizu azken emaitza? Espero zenuena izan al da?
Azken emaitza dibertigarria da. Espero nuena baino bihurriagoa da. Egia esan, gustura ikusten da, nahiz eta bi ordu eta 6 minutuko iraupena eduki. Barre asko egitekoa da, gainera!
Zein izan da gainontzeko film laburren maila?
Denetarik dago. Oso profesionalak diren film laburrak daude, baliabide gutxiagorekin egindakoak, bai eta bitartean daudenak ere; hau da, profesionalen eta amateurren artekoak. Horrek ematen dio azken emaitzari izugarrizko xarma. Nire ustez, film laburren artean nabariak diren desberdintasunek egiten dute azken emaitza dibertigarria eta atsegina izatea.
Zein kritika izan du zure film laburrak?
Momentuz, ez dut aukera handirik izan jendeagaz horri buruz berba egiteko; izan ere, oraintxe ezagutaraziko da proiektua hiri eta herrietan. Hala ere, nire film laburra ikusi dutenek gustukoa izan dutela diote. Baina, iritziak batzen jarraituko dut aurrerantzean.
Gaur, Bilbon ikusi ahalko da Euskal Harriaren ABDak proiektua. Non eta zein ordutan? Bertan egoteko asmorik ba al daukazu?
Euskaltzaindiaren egoitzan jarriko dute, 20:00etan. Nik ez dakit posible izango dudan joatea, lanaren arabera izango da, baina gustatuko litzaidake. Joan daitezkeen guztiei gonbidapena egiten diet, ondo pasatzeko aukera izango baitute. Hemendik aurrera, herri askotan egongo da ikusteko aukera; hain justu,
www.euskalharriarenabdak.com webgunean ikus daitezke lekuak eta ordutegiak. Badaude data batzuk zehaztuta, eta ziur nago gehiago batuko direla.
Herrira ekarriko al duzu?
Bai, noski. Baina, ez bakarrik nire film laburra proiektu horren baitan dagoelako, baizik eta, beldur, zientzia fikzio eta fantasiazko generoa gustuko duten horientzako entretenimendurako aukera on bat delako. Spookypheria Producions elkartean bagabiltza zenbait datarekin buruan. Hala ere, Nestor Basterretxea aretoan egiten ari diren lanak amaituta egotea gustatuko litzaiguke, pelikula ahalik eta baldintzarik onenetan ikusi ahal izateko. Ziurrenik 2016. urtearen hasieran ikusi ahalko da
Euskal Harriaren ABDak proiektua Bermeon.