‘Inguruko Hegaztiak’ proiektua gauzatuko dute 2016ko martxora bitartean
Beste urte batez, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz eta Elikagai Ekologikoaren Kontseiluaren kolaborazioagaz, Inguruko Hegaztiak proiektua jarri du martxan Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrek. Proiektuak 2016ko martxora arte iraungo du, eta bertan parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena emateko aukera dute.
Aipatu proiektuak etxeen inguruan bizi diren hegaztiei buruzko ezaguera handitzea du helburu, eta horretarako, neguan zehar, bertoko etxeetan hainbat janleku jartzen dituzte; batetik, hegazti horiek gure ingurura erakartzeko, eta, bestetik, janari eskuragarritasun ezaren aurrean, hegazti horiek zer jan izan dezaten. Izan ere, Urdaibai Bird Centerrek azaldu duenez, «udaberri eta udaran ez dute beste elikagaien ekarpenik behar, erraz aurkitzen baitituzte intsektuak eta fruituak; neguan, aldiz, tenperaturaren jaitsieraren ondorioz, janlekuetara bertaratu behar izaten dute aipatu hegaztiek beharrezkoak dituzten karbohidrato eta gantz ekarpenen bila».
Besteak beste, Eskandinaviatik etorritako txonta txikiak, edota Herrialde Baltikoetatik etorritako tarin eta txantxangorriak ikus daitezke bertoko janlekuetatik gertu.
Iaztik, gainera, mota horietako zein bestelako espezieetako hegaztiek jatorri ekologikoki janariaz gozatzeko aukera dute bertoko janlekuetan, iaz Urdaibai Bird Centerrek ENEEkarekin sinatutako akordioari esker.
Aipatu proiektuan edonork parte har dezake aranzadi@birdcenter.org helbidera mezua bidalita. Parte hartzaileek, gainera, proiektua amaitzean, bildutako datu guztiekin egindako txosten bat jasoko dute, hegaztien urtaroko eboluzioa ezagutu dezaten.
Urdaibai Bird Centerrek gogorarazi duenez, beraien blogak (http://ingurukohegaztiak.blogspot.com.es)ere martxan jarraituko du, hegaztiei buruzko argazki, informazio eta bideoak erakusi ahal izateko.