Julen Urdaibai: «Bizirik irauteko lasterketa izan da Kalaharikoa»
Uste zuena baino esperientzia «gogorragoa» bizi izan du oraingoan Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak Kalahariko basamortuan. Zazpi eguneko Kalahari Augrabies Extrem Marathon lasterketan lehiatu da bermeotarra. Laugarren postuan amaitu badu ere, une latzak bizi izan dituela dio: «Gogorra diodanean, ez diot lur eremuaren zailtasunengatik, baizik eta eduki ditugun tenperatura altuengatik».
Hango egunkari batean ikusi zuen Urdaibaik, inoiz, planetan egon den hilabeterik berotsuena izan dela urrikoa. «Eta, planetan bero gehien egin duen lekua Hegoafrika zela», zioen egunkariak. Tenperaturak baldintzatu du Kalahariko lasterketa, 45 eta 49 gradu artean lehiatu beharra eduki dute; «eramangaitza» izan dela dio bermeotarrak. Eguzkiak erre «Eguzkiak zapaldu» modura egiten zuela dio Urdaibaik, «erre egiten du». «Lehenengo eguna gogorra izan zen; beroa, soinean neraman pisua…25 kilometro gogor, baina amaitu nuen. Bigarren eta hirugarren etapak hobeto joan ziren, 40 gradutan lehiatu ginen eta gorputza egokitzen doa gutxika-gutxika».Laugarren etapa, baina, 81 kilometrokoa zen, bi egunetan egin beharrekoa. Korrikalari motelenak abiatu ziren lehenengo, 06:30ean. Ondoren, ordu erdiro taldeka ateratzen ziren. Urdaibaik 12:00etan hasi zuen etapa hori, bosgarrena baitzen sailkapenean: «49 gradu zeuden. Lasai hartzen saiatu nintzen, eta astiro hasi nintzen korrika. 20 minutura, baina, txarto nengoen eta oinez jarraitu nuen. Anoa postua, gainera, 8,5 kilometrora egon behar zen eta 11,4 kilometrora zegoen. 53 gradutara hiru kilometro horiek oso luze egiten dira».
Anoa postura «oso txarto» iritsi zela dio: «zazpi urtetan lehenengo aldiz ikusi dut nire burua txarto. Bizia arriskuan jartzea zen eta ezin nuen jarraitu». Medikuen aginduz, baina, azkenean proba hori bertan behera geratu zen. Urriak 27 ez da Urdaibaik erraz ahaztuko duen eguna: «Kuriosoa da, gainera, proba uzteko erabakia hartu nuela, baina bertan behera geratu zenez, lasterketa jarraitu ahal izan dudala». Ordutik, antolatzaileek inprobisatu egin zuten eta gaueko etapa bat egin zuten, «zorionez»: «Hori bosgarrena izan zen, eta seigarrena ere laburragoa egin zuten». Bi horietan, «oso ondo» ibili zela dio, laugarren postuan amaituta. Hala ere, bermeotarrak sailkapenari ez dio garrantziarik ematen, eta aurten oraindik gutxiago: «Bizirik irauteko lasterketa izan da aurtengoa, tenperaturengatik». 17 lagunek utzi dute Urdaibaik azaldu duenez, 75 lagun inguruk hasi zuten Kalahariko lasterketa, eta horietako 17k ez dute amaitu, arinago utzi egin behar izan dute eta. «Gogorra» bai, baina, ikasteko ere balio izan dio lasterketa honek. Esperientziak konfiantza ematen duela dio. Urdaibaik azaldutakoaren arabera, «Kalaharira joan naiz, dena kotrolpean nuela pentsatuta: elikadura, materiala, entrenamenduak… Agian, aparteko konfiantza apur bategaz joan nintzen. Baina, azkenean naturak nire lekuan jarri nau. Mota horretako baldintzen aurrean ez dago zereginik, eta umiltasun puntu bat ematen dizu. Konturatu naiz, ez naizela super korrikalari bat. Hori da ikasi dudana, eta pozik nago horregatik, eta ez laugarren postuagatik. Sailkapenean gorago edo beherago egoteak ez du nire bizia aldatzen». Lasterketa honek, beraz, bi zati izan dituela azaldu du bermeotarrak: «Batetik, etapa luzea eta haretan bizitako larrialdia. Eta gainontzeko etapak, oso ondo joan direnak».