Karlos Gorrindo
Amodioa, maitasun eza, lagunarteko harremanak, lankideekin sortzen direnak, gurasoekin… Istorio bakarretik sortutako beste hainbat dakartza Karlos Gorrindok (Gernika-Lumo, 1958) bere azken liburuan: Ezpainak arrainak bezala. Hainbat lan baditu kaleratuta: 11, hain zuzen ere. Azkena, gaur aurkeztuko du, 19:30an, kultur etxean.
Kazetari baten istorioa dakarzu oraingoan, baina kazetaritzatik haragoko harremanak ere lantzen dituzu.
Kazetaria da protagonista nagusia, eta era aktiboan agertzen da: Gorka. Baina modu pasibo batean emaztea agertzen da, Marta. Liburua ez dut esango bakarrizketa denik, baina era horretara egina dago, nahiz eta elkarrizketa ere oso sartuta dagoen. Beraz, protagonista nagusiaren hausnarketak, sentimenduak agertzen direnean lehen pertsonan agertzen dira. Bizi duen momentu horretako egoera emozional eta sentimentalaren azterketa egiten du. Eta istorio hau bikote gazte baten desamodio istorio bat da, baina ez hori bakarrik; beste hari batzuk ere badaude, artearekin lotuta daudenak. Eskulturaren munduan sartu eta bigarren mailako protagonista izan zitekeena ere lehen mailakoa bilakatzen da.
Desamodioa ardatz duen istorio batean zein leku har dezake arteak?
Kazetaria da Gorka, eta bere herriko (Gernika-Lumoko) eskultore batek egindako lanak nahikoa fama hartzen du. Astekarian agintzen diote eskultorea elkarrizketatzeko, eta, horretan dela, ohartuko da artistak ez duela arteari buruz bakarrik hitz egiten; irakatsi egiten dio kazteariari artea ulertzeko modu ezberdinak badaudela…. Ikasbide horretan beste harreman batzuk sortzen dira, nahiko sakonak, eta korapilatu egingo da artista horrekin duen lan harremana. Era berean, bestelako istorio bat ere sortzen da, ETArekin zerikusia duena, eta ia bi kapitulu ditu pasarte horrek. Horietan lotura egiten da: ETA, artea, gurasoak eta horiekin duen harremana…
Beraz, amodio harreman bat bide da bizitzako beste harreman batzuk lantzeko.
Hala da, bai. Istorio normal bat da, edonori gerta dakiokeena. Alegia, bizitzan ez dugu harreman bakarra lantzen, eta bide asko izaten ditugu ibiltzeko. Azken batean, protagonistak bere ibilbidea egiten du eta, horretan, protagonismorik handiena hartzen du bere bikotekideak. Baina bizitzan aurrera egin eta beste harreman batzuk sortzen dira. Ajangizen bizi diren gurasoekin ere harreman berezi bat sortuko du.
Dena ere ez dugu kontatuko.
Ez, ezin dut dena kontatu. Amaiera emanez gero, akabo. Istorioak duen bilakaera sekretuan gorde nahi dut, horrek ematen diolako tentsioa nobelari, eta irakurlea lotuko du.
Harremanekin sortzen diren korapiloak dira, beraz, irakurlea engantxatzeko amua.
Bai, hori da. Eta idazteko erabili dudan estiloak ere laguntzen du. Ahozkotasunetik hurbil dago, eta esaldi luzeak baztertu egin ditut. Bakarrizketa ere ez da, baina pertsona baten pentsamenduak agertzen ditu. Horrek bizkortu egiten du istorioa.
Liburu honetan, ezer biografikorik badago?
Ez dugu ezer asmatzen, baina ezin daiteke esan guztiz biografikoa denik. Asmatu eta sortu bizi izandakotik egiten dugu.
Zesta puntak ere bere lekua baduela esan izan duzu irratian egindako elkarrizketa batean.
Bai. Istorio hau beste proiektu batean kokatuta zegoen istorio txiki bat zen, baina bigarrentzat sartu nuen istorio labur horrek omen zuen engantxea. Beraz, horretan zentratu eta nobela hau sortu nuen.
Busturialdeak zure liburuetan badu bere lekua.
Bai, oso ederra da, eta nik neuk ere berton kokatzen dut nire burua. Nire liburu denetan Ajangiz beti agertzen da; baita Gernika-haren Lumo eta inguruko herriak ere.