Sancti Spiritus egoitzako egoiliarrak tailerrean
Musika ardatz hartu dute beste batez, zahartzaro aktiboa bultzatzeko. Hala, Bermeoko Sancti Spiritus udal egoitzak eta udalaren musika eskolak programa berri bat abiarazi dute. Egoiliarrekin musika tailerrak egiten hasi baitira.
Hain zuzen ere, eguaztenetan egiten dituzte tailerrak. Jakinarazi dutenez, zaharren egoitzako 5 egoiliar dira programa horretan parte hartzen ari direnak, eta egun horretan egoitzatik musika eskolara mugitzen dituzte tailerrean parte har dezaten. Egoiliarrak «oso gustora» sentitzen direla adierazi dute antolatzaileek, eta balorazio «oso positiboa» egiten dutela diote: «Hurrengo tailerra noiz helduko zain egoten dira».
Tailer horien bitartez hainbat dira lantzen dituzten gauzak: egoitzatik kanpo aktibitate bat egitea, taldeko partaide sentitzea, gustora sentitzea, estimu pertsonala eta soziala hobetzea eta memoria eta psikomotrizitatea lantzea, besteak beste.