Ondarroako Aniztasun Planaren nondik norakoak plazaratu dituzte
Ondarroako Ongietorri Aniztasunera egitasmoa aurkeztu zuten bariku iluntzean. Udaleko aniztasun lantaldeak eskatuta, Aztiker enpresako kideak 2015 urte hasieran hasi ziren Kultur komunitateen arteko ezagutza eta elkar harremana bultzatzeko balioko duen...
Ormazabalek agertutakoaren arabera, estatistika eta datuetan oinarritutako azterketa kuantitatiboa egin zuten lehendabizi, eta gerokoan, datu horiek guztiak esku artean izanda ikerketa kualitatiboa egin dutela aipatu zuen Ormazabalek. «Datu hutsetatik haratago iritziak jaso nahi izan ditugu. Horretarako, herrian egon litezkeen diskurtsorik gehien jasotzen ahalegindu gara».
Ikerketa kualitatibo hortatik atera den ondorio nagusia Ondarroan kultur arteko «interakzio oso gutxi» eman dela jakin da. Interakzio hori bultzatzeko, hortaz, hiru eremutan (hezkuntza, kirola eta kultura) indar berezia egin beharko dela deritzo ikerketak.
Eztabaidatzeko tartea
Datu esanguratsuenen aurkezpenaren ondoren, Word Cafe deritzon dinamikan herritarrek horien inguruan eztabaidatzeko tartea izan zuten. Hiru mahaitan banatuta, 20 bat lagunek galdera baten inguruan hausnarketa egin eta eztabaidatzeko 10 minutu izan zituzten.
Ariketa ahalik eta aberatsena egite aldera, mahairik mahai eztabaidatu ziren koloretako paperetan egindako galderak.
Guztira, hiru galdera erantzun behar izan zituzten taldeek, eta ondoren, horiek beste herritarrekin banatu zituzten. Iritzi horiek guztiak jaso, eta diagnosia osatzeko balioko dutela azpimarratu zuen Aztikerreko arduradunak.
Datozen egunotan0, gainera, hezkuntza, kirola eta kultur alorrean herritarren artean eztabaida eta hausnarketa sustatzeko hiru batzar zabal egingo dira. Bihar, esaterako, kirol alorreko lehen batzarra egingo da udaletxean, 18:00etan. Kirol eta kultura alorreko batzarrei dagokienez, ostera, azaroaren 18an eta abenduaren 2an egingo dira Kofradia Zaharrean, biak 18:00etan.