Zapatuan jokatuko dute Biarritzen. Azaldu dutenez, Ñapurrak taldeak eginiko gonbidapenari esker parte hartuko dute saioan.
640 kiloz azpiko proba izango da, eta Euskal Herriko sokatira taldeekin batera, Ipar Irlandako Country Club, Holandako Monnickendam eta Nigeriako talde batek ere parte hartuko dute.
Maila “handiko” lehiaketa izango dela esan dute Murueta Sokatira Kirol klubeko kideek. Izan ere Country Club taldea gaur egungo munduko txapelduna da, 560 kilotan eta Monnickendam ere “punta puntako” taldea dela zehaztu dute.
Beraz, Murueta sokatira taldekoek aukera paregabea izango dute atzerriko taldeekin lehiatzeko. Eta horrekin batera, hurrengo munduko txapelketarako entrenatzeko balioko die zapatuko lehiak. Hain zuzen ere, munduko txapelketa otsailean lehiatuko dute Holandako Volendam herrian.