Herriko jarduera ekonomikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditu Bermeoko EAJk
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) jakinarazi duenez, 2016. urterako zergak, tasak eta prezio publikoak adosteko negoziaketa prozesuan sartuta dauden honetan, herriko jarduera ekonomikoa indartzeko neurriak jarrri dituzte mahai gainean azken kontu batzordean, «udaleko talde guztien eskura, erabaki politikoa hartzeko zain».
Hala, herrian zabaldu gura diren jarduera ekonomiko berrien kasuetan, lokalen jabe diren ekintzaileei Ondasun Higizezinen Gaineko Zergaren (OHZ) kopuruaren %50a, lehenengo hiru urteetan diru laguntza bidez itzultzea proposatzen dute jeltzaleek. Neurri horren bitartez, EAJren arabera, negozio berriak zabaltzea eta horien egonkortasuna bultzatzea lortuko litzateke.
Bestalde, herriko gune desberdinak biziberritzeko hartutako konpromisoen baitan, eta Alde Zaharrean jarduera ekonomikoak sustatu asmoz, proposamen bi aurkeztu dituztela diote: Alde Zaharrean zabaltzen dituzten negozio edo jarduera berriei, bai obra lizentziaren tasan, eta bai jarduera lizentziaren tasan ere, %50eko hobariak ezartzea.
Kontu batzordean mahai gainean jarri dituzten hiru proposamenei buruz ogasun saileko errenta teknikariak egindako txostenaren arabera, «neurriok aplikarriak direla» diote.