Pascual del Rio artistak 25 koadro ipini ditu ikusgai Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Errealismoa lantzen du bere obratan, erakusten duena ulergarri egiteko. Azaroaren 23ra bitartean izango dira koadroak ikusgai.
Euskal Paisaiak
Herritar xumeak artea ulertu behar du». Hala dio Munitibarren bizi den Pascual del Rio artistak, eta hori lortu gura du bere margolanekin. Errealismoz beteriko paisaiak dira bere koadroetan islatzen dituenak; euskal paisaiak. Azken bi urteetan margotzeari ekin dio berriro, eta bukatuta dituen 50 obretatik 25 ekarri ditu Gernika-Lumora. Martitzenean inauguratu zuten erakusketa, eta azaroaren 23ra bitartean izango da ikusgai.
Paisaien deskribapen zehatza egiten du margolanetan, kolore biziekin, errealismoz beteta. Ikusleengana heltzea du helburu. Dioenez, «erakusketa jartzeraen xedea ez da ekonomikoa, artea herritarren eskura jartzeko borondatea baizik». Gizarteak artearekiko galdutako sentsibilitatea berreskuratu beharko lukeela uste du artistak.
Autodidakta legez definitzen du bere burua, eta margotzeko teknikak ikasi ez ezik, dagoeneko menperatu egiten dituela dio Del Riok. Atentzioa piztu eta bere arreta lortzen duten txokoetan jartzen du begia, lau traza egin, nabarmentzen diren koloreak apuntatu eta lekuaren argazkia egiten du. Horiek ditu Pascual del Riok koadro bat margotzeko oinarriak.
Pinturarekin transmititu
«Bizitzan ez digu inork erakusten zerk hunkitzen gaituen, zerk bihozberatzen edo inspiratzen gaituen», dio Del Riok, eta bere lana laburbiltzen duen esaldi hoberik ez dagoela.
Erreferente legez ditu Jacob Van Ruysdaelen, Isaac de Moucheronen, Karel Dujardinen edo James Starken, besteak beste. Beraien koadroek Del Riorengan pizten dituzten emozioak dira, gero, Munitibarko artistak bere lanen bitartez transmititu gura dituenak. «Paisaia zehatzek, xehetasunekin arretatsuek, paisaiaren freskotasuna sentiarazten digute, teknikarekin liluratzen gaituzten bitartean», azaldu du.