Iparragirre etxeratzeko eskatuko duen elkartasun martxa egingo da
Alcala Mecoko espetxe kanpoan larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatuko dute. Zapatuko ekimenean jende asko batzea espero du Iparra Galdu Baik plataformakIparra Galdu Baik plataformak antolatuta, Alcala Mecoko (Madril, Espainia) espetxe aurr...
Alcala Mecoko espetxe kanpoan larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatuko dute. Zapatuko ekimenean jende asko batzea espero du Iparra Galdu Baik plataformak
Iparra Galdu Baik plataformak antolatuta, Alcala Mecoko (Madril, Espainia) espetxe aurrean elkartasun martxa egingo da zapatuan, 11:00etatik 12:30era. Bertara gerturatuko diren herritarrek kartzela horretan larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre Burgoa presoari babesa eman eta bizi duen egoera salatzeko helburuagaz batuko dira espetxe inguruetan.Plataformako kideek nabarmendu dutenez, ahalik eta herritar gehienen babesa lortzea ezinbestekoa da, «Ibonen giza eskubideak lehenbailehen bermatuak izan daitezen eta etxeratzeko». Ondarrutarraren berehalako etxeratzea eskatzeaz gain, une honetan larriki gaixorik dauden Txus Martin, Josemi Etxeandia, Gorka Fraile, Aitzol Gogortza, Iñaki Etxebarria, Jagoba Codo, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gari Arruarte, Ibon Fernandez de Iradi eta Josetxo Arizkuren ere askatzeko eskatuko dute zapatuan.
200 lagunetik gora
Elkartasun sarea martxan hasita dagoela azpimarratu dute Iparra Galduk Baikeko kideek, eta zapatura begira, jende asko batuko direla aurreikusten dute. «Ondarroa eta eskualdeko herrietatik ez eze, beste hainbat tokitatik ere martxara joango direla esan digute. Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokietatik joateko asmoa duten jendearen eskaerak jaso ditugu, eta Madril inguruko lagunak ere bertan aurkituko ditugula uste dugu».
Aurreikuspenen arabera, 200 bat pertsona batuko dira Alcala Meco kanpoan. Ondarroatik eta eskualdetik hainbat autobus antolatuta daude dagoeneko, eta inguruko herrietako jendeak bertaratu nahi izanez gero, plataformako kideekin harremanetan jartzea komeni da, denak batera koordinatuta ailegatzeko. «Zuen herrian autobusa antolatzen ari bazarete, eta arrazoi ezberdinengatik autobusa betetzeko adina jende ez baldin badago, Ondarroa edo Lea-Artibaiko autobusetan joateko aukera egongo da».
Autobusak ondo antolatzeko iparragaldubaik2@gmail.com posta elektronikora idaztea gomendatu dute, etzi 15:00ak baino lehen. Interesatuek zein herritik idazten duten eta zenbat lagun diren aipatu beharko dute mezu horretan, izena eta kontakturako telefonoagaz batera. «Autobusa hartzera Ondarroara etorri beharko duzuen edota autobusak zuen herrian geldialdia egingo duen, ez daukagu argi oraindik. Hori, jendeak izena eman ahala, eta horiek zein herritakoak diren jakin ahala erabaki beharko dugu. Autobusa betetzea lortzen baldin baduzue ere, utzi ezazue zuen kontaktua helbide elektronikoan, elkarrekin koordinatuta egoteko».
Jendartean ere zabaltzen
Preso ondarrutarrren egoera larriaz ohartarazita, Iparragirre askatzeko eskaerak gehitu egin dira azkenaldian. Horren adibide argi dira, Ondarroa, Munitibar, Mendexa, Berriatua, Markina-Xemein, Aulesti, Lekeitio eta Mutrikuko udaletan larriki gaixorik presoak askatzeko onartutako mozioak, edota Eusko Legebiltzarrean hartutako erabakiak. Era berean, Etxera Gunean jasotako babesa ere eskertzekoak direla nabarmendu dute Iparragirreren hurrekoek. «Herritarrak mobilizatzen hasita daudela begi bistan da. Horiek guztiek ere Ibon etxeratzeko exijitzen dutela jakiteak asko poztu gaitu».
Hala, preso ondarrutarra etxeratu arte mobilizatzen jarraitzeko asmoa dutela agertu dute. «Begi bistakoa da Ibon hiltzen ari dela, eta etxeratu bitartean, hainbat ekimen egiten jarraituko dugu».
Hain zuzen ere, azken asteotako espetxe aldaketak eta bidaia luzeek preso ondarrutarraren osasunean nabarmen eragin dutela ohartarazi dute. Asteburuan egindako bisitan, esaterako, fisikoki zein psikologikoki oso gaizki ikusi dute lagunek. «Gaixotasunaren ondorioak gero eta nabarmenagoak bihurtzen ari dira. Buruan duen orbanaren eraginez, esaterako, ia itsu dago. Eskumako begitik ez du ezer ikusten, eta ezkerrekotik ere oso gutxi ikusten du».
Orain momentuan, preso sozialekin batera dago espetxeratuta, gainontzeko beste preso politikoengandik isolaturik. Era berean, beste preso sozialegandik ere urrunduta dutela ere salatu dute haren ingurukoek. «Erabat bakartuta daukate. Batenbat berarekin harremanetan dela sumatzen dutenean, harengandik urruntzen dute funtzionarioek».
Bere osasun egoera oso larria baldin bada ere, medikuek noiz bisitatuko duten ere ez dakite. Aurreko astean, berez, bere konfiantzazko medikuarekin zuen bisita Galdakaoko ospitalean, baina berriro urrundu egin zutenez, bisita hori gabe geratu da.
Zaballako espetxean egon zen tartean, esaterako, Txagorritxuko ospitalera eraman zuten Iparragirre, eta medikuak, buruko orbanak eraginda, hezur muina ikututa izan dezakeela aipatu zuen. Orain momentuan, txosten hori lortzeko ahaleginetan ari da familia, gerokoan, espetxe zaintzako arduradunei aurkezteko. Urte hasieran egindako frogen emaitzak besterik ez ditu familiak, eta euren iritziz, jarraipen estua egin beharko litzaioke. «Buruko orbanaren eboluzioa nolakoa den jakiteko eta horrek eraginda, hezur muin arazoak baldin baditu, hori begiratzea komeniko zen».