Madariaga eta Carrera
Informazio batzarrak egingo ditu Tourdaibaik bihar eta etzi, Bermeon eta Gernika-Lumon, hurrenez hurren. Elkartea ezagutzera ematea, oinarriak eta helburuak jakinaraztea eta kide berriak erakartzea izango da batzar horietako helburua. Busturialdean turismo jasangarria bultzatzea du helburu Tourdaibaik, eta aro berri bati hasiera eman gura dio. Zuzendaritza berria du, eta elkartekideek argi dute turismoa erakartzeko, indartzeko eta sendotzeko ezinbestekoa dela enpresa pribatuen eta sektore publikoaren arteko elkarlana. “Urte osorako eta kalitatezko turismoa eskaintzeko gai da Urdaibai, eta hori da gure helburuetako bat”, azaldu du Tourdaibaiko zuzendaritza batzordeko presidente Iñaki Madariagak. Prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan, eta Madariagarekin batera izan da zuzendaritza batzordeko presidenteorde Jose Angel Carrera.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Tourdaibai, eta turismo sektoreko enpresa pribatuak batzen ditu. 28 elkartekide dira, eta zortzi kolaboratzaile. Hala ere, zenbaki hori ez da nahikoa, haien iritziz. “Indarra eta babesa behar dugu, eta horretarako elkartekideen kopurua handitu behar ddugu”. Hori du xede Bermeon eta Gernikan egingo dituzten informazio batzarrek. Kafe Antzokian batuko dira bihar, 20:00etan; eta eguenean Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan izango dira, 19:30ean.
Azaroaren 18an, bestalde, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren esperientziak elkartrukatzeko jardunaldiak egingo dituzte Busturiko Madariaga dorretxean. Jarduera horietan, Kataluniaako Costa Bravatik eta Arabako Errioxatik heldutako parte hartzaileek euren esperientziak partekatuko dituzte.
Turismo mahaia
Bai arlo publikotik zein pribatutik, sektore ezberdinak batzea ere garrantzitsua dela dio Tourdaibaik. Arlo pribatuan, zerbitzuek, ostalaritzak, industriak eta lehen sektoreak bat egitea ezinbestekotsat jotzen du. Gainera, azpisektore horiek beraien lan mahaia izan beharko luketela azaldu dute Madariagak eta Carrerak. Alegia, turismo mahaia ez ezik, azpisektoreak batuko dituen mahaiak osatzeari garrantzia eman diote.
Diotenez, datuen arabera azken urteetan turismoak gora egin du Busturialdean, eta martxotik hona ere gorakada nabari izan dela. Dena den, turismorako urteko sasoirik zailena azarotik otsailera bitartekoa dela azaldu du Madariagak. Horregatik dio jardueren eskaintza eta enpresena uztartu behar dela.