
Argazkia: Gernika Rugby taldea.
22-32 nagusitu zen Gipuzkoako taldea. Atzo eguerdian Urbietan jokatu zuten bi taldeek seigarren jardunaldiko partida.
Ordiziako jokalariak indartsu zelairatu ziren. Neurketa hasi eta 40 segundora lortu zuten lehen entsegua, eta Christian Hendri Rust jokalariak transformatu zuen lehen entsegu hori, 0-7 markagailuan aurrea hartuta.
Rust-ek puntuak pilatzen segitzeko beste aukera bat izan zuen, baina, jaurtiketan huts egin zuen. Orduan, etxeko taldea bizkortzen hasi zen, zelaian aurkaria estutuz, harmailetako zaleen babesaren laguntzagaz.
Hala, norgehiagokaren ordu laurdena beteta zela, Berterok aldea apur bat gutxitu zuen: 3-7. Berterok beste aukera bat ere izan zuen, baina, ez zuen asmatu.
Ordiziak erasoan gogor jarraitu zuen, eta lehen zatiko azken minutuetan bere nagusitasuna erakutsi zuen. Horri esker, 3-10-ko markagailuagaz amaitu zen lehen zatia.
Atsedenalditik bueltan, indarberrituta ageri ziren basurdeak, etengabeko presioa eginez. Hala ere, ordiziarrenak izan ziren bigarren zatiko hasierako minutuetako jokaldi arriskutsuenak. Hain zuzen ere, bigarren zatiko laugarren minutuan beste entsegu bat transformatuta 3-17 aurretik zen Ampo Ordizia.
Hala, etxekoen kontraerasoko jokaldi batean, Joan Tudela Ordiziako jokalaria zigortu zuen epaileak, eta txartel horia erakutsi zion. Orduan, basurdeek zeukaten nagusitasuna aprobetxatu gura zuten, eta neurketa kontrolatzen hasi ziren, etenik barik entseguaren bila.
Baina, Tudela berriro ere zelairatzeagaz batera beste hiru puntu lortu zituzten ordiziarrek. Gero, Sclaviren, Nicoren eta Berteroren jokaldi bati esker, markagailuan 10-24 jarri ziren. Aldea murrizteko ahaleginean jarraitu zuten talde gernikarreko jokalariek, eta Scalvik erdietsitako entsegua Berterok transformatu zuen. Zazpi puntuko aldeagaz ziren markagailuan: 17-24.
Neurketaren azken minutuetan etxekoak puntu gehiago pilatzeko ahaleginean zebiltzan, baina, aurkariak ere ez zuen amore eman, eta markagailuan aldea handitzea lortu zuen. Hala, partidako azken jokaldian Jon Magunazelaiak etxekoentzat beste entsegu bat lortu zuen, baina, Berterok ez zuen tranformatzea lortu.