Aratz Mugertzak Euskadiko 2. mailako aizkora txapelketa jokatuko du
Lehen bi onenen artean sailkatuz gero, 1. mailako txapelketan jokatzeko txartela zuzenean lortuko luke Mugertzak. Seina pago enbor moztu beharko dituzte aizkolariek Elizondoko pilotalekuanEuskadiko 2. mailako aizkora txapelketako finala jokatuko da gau...
Lehen bi onenen artean sailkatuz gero, 1. mailako txapelketan jokatzeko txartela zuzenean lortuko luke Mugertzak. Seina pago enbor moztu beharko dituzte aizkolariek Elizondoko pilotalekuan
Euskadiko 2. mailako aizkora txapelketako finala jokatuko da gaur Elizondoko (Nafarroa) Iriarte pilotalekuan. Hain zuzen ere, bertan parte hartuko duten sei aizkolarien artean izango da Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarra.Gaurko norgehiagoka «hil ala bizikoa» izango dela iragarri dute antolatzaileek. Izan ere, lehenengo bi sailkatuek zuzenean 1. mailara igotzeko txartela lortuko dute. 2. mailan parte hartu duten 14 aizkolariek euren artean jokatutako kanporaketen ostean finalean aritzeko txartela lortu zuen Mugertzak. Hartara, Mugertza IIIak datorren denboraldian Ugaitz anaiarekin batera maila berberean jokatu nahi baldin badu, aurkariak baino lan hobeagoa egin beharko du. «Ederra izango zen datorren urtean biok batera 1. mailan aritzea».
Seina enbor
Honakoak izango dira Iturritza baserriko semearen bost aurkariak: Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak, Arkaitz Jauregi arabarra eta Jesus Mari Mujika eta Luis Txapartegi gipuzkoarrak. Mugertzaren iritziz, gaurko norgehiagoka irabaztea zail egongo da. Finalari begira bere burua ondo ikusten baldin badu ere, 1. mailara pasatzeko aukera gutxi duela uste du. «Aurkariak bata bestea baino gogorragoak dira. Iker Vicente, esaterako, finala irabazteko faborito ikusten dut, eta Ruben Saralegi ere gogor ikusi izan dut. Nire buruan sasoian ikusten dut, eta ni ere onena ematera aterako naiz plazara».
12:00etan hasiko da lehia, eta aizkolari bakoitzak seina pago enbor moztu beharko ditu. Zehatz esanda, bina kanaerdiko, bina 60 ontzako eta bina oinbiko enborrekin egin beharko dituzte lanak.
Eguraldi txarra egingo balu, ordea, txapelketa Baztan pilotalekuan jokatuko dela aurreratu dute Euskal Herriko Kirol Federazioko arduradunek. «Iriarte pilotalekua eta Baztan pilotalekua, bata bestearen ondoan daude».