Eneko Ordorika. Euskal Herriko pintxo lehiaketan bigarren saria

Eneko Ordorika
Sukaldaritza ikasketak Leioan egin ditu Eneko Ordorikak (Gernika-Lumo, 1992). Euskal Herriko bigarren pintxo gozoena berea da, eta domekan eskainiko du Zallo tabernan, 13:00etatik 15:30era.
Euskal Herriko pintxo lehiaketan bigarren saria hartu duzu, baina finalera heltzea ere ez zenuen espero.
Ez, inundik ere. Azken batean, lehiaketara sartzea ez da hain gatxa; Euskal Herri osotik 80 sukaldari onartzen dituzte lehiaketan. Gero, 26 pintxoren aukeraketa egiten dute, eta horien artean egotea pozgarria izan zen. Ez genuen espero aukeratuak izatea, eta Hondarribiatik bueltatu behar izan genuen elikagaien bila, hurrengo egunean berriro pintxoa prestatzeko.
Eta finalerdian zinela, finalerako sailkatzea espero zenuen?
Ez, finalerdia pasatzea ez nuen espero.
Zerriarekin eginiko snack diskordanteak du izen zure pintxoak. Denek ulertzeko modura, nola azalduko zenuke?
Izenari bueltak eman genizkion. Pintxo gozoa egiteaz gain, izena ere komertziala izan behar da. Eta pelikula batean oinarrituta hartu genuen izena: Snatch. Cerdos y diamantes. Pintxoak arraina eta okela dauzka, nahastean. Bieira eta kokospea ditu, baina nahastea oso ondo egina dago, eta zapore gozoa ematen dio.
Patata tortilaren pintxoa jatera ohituta dagoenari nola saldu zure pintxo hori?
Oso desberdina da. Jendeak pintxoak jaten ditu tripa betetzeko. Gainera, martitzen batean tabernetan aurki ditzazkezun pintxoak eta asteburuetarako egiten dituztenak ez dira berdinak izaten. Jendea domeketan finago doa. Hemen ez dago pintxoa momentuan egiteko ohiturarik, baina beste zenbait lekutan egiten dituzte; Donostian, esaterako, pintxo beroak egiten dituzte. Beraz, komertziala izan daiteke, dena prest izanez gero.
Lehiaketak zu bezalako sukaldari gazteak ezagutzera emateko lagungarri al dira?
Bai, baina nire ustez sukaldariak bere sukaldean hartzen duospea, han egon behar du. Lehiaketara aitak bultzatuta aurkeztu nintzen.
*Elkarrizketa osoa biharko HITZAn