
Urriaren 15ean kaleratu eta aurreko astean aurkeztu zuten Bilboko Kafe Antzokian
The Uski`s diskoa, taldearen bosgarren lana. Aurkezpen kontzertua emango dute etzi, Gernika-Lumoko Revolution dantzalekuan. Jon Zameza (Elantxobe, 1981) taldeko baxu eta gitarra jotzaileak nabarmendu duenez, taldearen betiko gaiekin batera, gai sozialak ere landu dituzte oraingo honetan.
Etzi egingo duzue Gernika-Lumon lan berriaren aurkezpena. Zer prestatu duzue?
Kontzertu nahikoa luzea prestatu dugu. Aurreko lau diskoetako abestirik dantzagarrienekin edo politenekin batera disko berria oso-osorik joko dugu. Orain arte aurkezpenetan ez dugu inoiz osorik jo, baina, aurten, kanta guztiak jotzea erabaki dugu. Jendeari ondo aurkeztu eta ea gustuko dituzten. Disko batzuk ere eroango ditugu saltzeko. Revolution ere berriztuta dago, eta uste dugu oso leku polita dela eta jendea gustura egoteko modukoa izango dela. Ondarroako lagun batzuek joko dute aurretik, The Incult-ek. Bertsioak egiten dituzte, rock-and-roll, eta gure estiloko antzinako bertsioak. Horiek berotuko dute apur bat giroa, eta ostean, guk joko dugu. Gonbidapena luzatzen dugu hemendik, jendea animatu eta ea Revolution betetzen badugu, ondo pasatzeko.
Zenbat abestigaz osatu duzue lan berria?
Hamabi kanta aukeratu ditugu. Pila bat abesti eduki ditugu, eta ia bi urte behar izan ditugu aukeratzeko. Denak ondo jo arte eta lokalean probatu arte ez dugu presarik hartu gura izan. Diskoren batean presa hartu dugu, eta gero beti geratzen zara hau ez dugu sartu edo hau kanpoan utzi dugu… Eta hemen, gauzak lasai hartu ditugu, ondo irten arte. Kanta on asko kanpoan geratu dira, eta badago hor materiala hurrengo baterako.
Kanpoan geratu diren abestiak entzuteko aukera egongo da zuen kontzertuetan?
Bai, orain arte ere batzuetan jo ditugu diskoetan sartu bako kantak. Kanpoan geratu diren kanta politen batzuk jo izan ditugu noizbehinka, jendearen gustukoak diren jakiteko, haien erreakzioa ikusteko.
Taldearen izena du disko berriak. Zer dela eta?
Oinarrietara bueltatu garela esan liteke. Atera genuen lehenengo maketaren azalak diseinu hau zeukan, diseinu bera zen. Gainera, hamar urte bete dira lehen lana kaleratu genuenetik, eta ospakizun baten modukoa da. Lehenengo azal hura irten zen modu berean hauxe atera dugu, berdin-berdin. Bestalde, argi eduki dugu disko beltz bat izango zela; gai batzuk ere apur bat beltzak dira. Gai sozial gehigo daude, eta horregatik ideia zen beltza izatea. Iker Barbero kuadrillako lagunak egin digu azala berriz. Asko gustatu zaigu, eta harrera oso ona eduki du. Jendeari asko gustatu zaio dena beltza izatea; gauza gutxigaz, sinplea da, eta dotore geratu da.
Estilo edo melodia aldetik, zer topatuko dute zaleek zuen azken lan honetan?
Estilo aldetik, agian, izan ahal da apur bat gogorragoa, apur bat 70. hamarkadakoagoa. 60ko hamarkadako estiloa baino gehiago da 70ekoa. Kakotx artean esanda, apur bat soinu gogorragoa dauka. Geure betiko rock-and-roll klasikoren barruan apur bat gogorrago egin dugu. Adibidez, nire kantak beti dira 60ko hamarkadako estilokoak. Orduan, nik sortutako kantak estilo berekoak dira. Abestiak Anartzek, Oierrek eta hirurok egiten ditugu, eta bakoitzaren lau kanta sartu ditugu oraingoan. Bakoitzak daukan estiloa apur bat ezberdina denez, diskoa horrela irten da, ez da bat ere monotonoa. Oraingo honetan koru gutxiago sartu ditugu kantetan, apur bat rokerotxoagoa da, eta ez dago hainbeste ahots. Badaude kantak ahotsagaz ere. Bestalde, betiko moduan badaude bi balada oso politak.
Letretan ba da berrikuntzarik?
Bi edo hiru kanta daude gai sozialen ingurukoak. Sekula ez gara ibili halako gaiak lantzen; ez zaigu gustatu izan inogaz sartzea eta halako istorioak. Baina, gaur egun, hain potroetararte gaude denok… Inguruan ikusten ditugu lagunak lan barik, langabezian, jendea golpera aberasten, jendea dirua lapurtzen… Eta gai horiek irten egin dira. Bestalde, betiko moduan, neskak eta itsasoa ere agertzen dira, betiko The Uski’s. Esaterako, kanta soziala da
Mr Bajoi, eta
Begixek edei ere bada. Bertan diogu zelan bizi garen mundu lar moderno-informatikoan, denok tontotuta ordenadore aurrean. Antzeko besteren bat ere badago,
Esko baltza, adibidez, beti besteen gauzetan dabiltzanak ez dena egin behar egiten… Gero, betiko estiloan, neskei eskainitako beste bi edo hiru kanta daude, maitasunaren eta maitasun ezaren ingurukoak.
Zeure albun balada oso-oso polita da. Ahots asko ditu,
The Beach Boys estilokoa, apur bat hondartza girokoa da. Bestalde,
Kokodrilo kantan ere kritika soziala sartu dugu. Eta badaude beste abesti pare bat ere, jaia, gaupasak eta halako girokoak.
Lehenengo bideoklipa ere grabatu berri duzue. Zelan prestatu duzue? Noiz ikusi ahalko da?
Izen lei kantaren bideoklipa da, eta hurrengo single-a ere hori izango da. Maitasuna eta maitasun ezaren ingurukoa da. Kanta polita da, indartsua, rokerotxoa… Oierren ideia izan da, hark pentsatuta egin dugu. Arte Ederretako lagun batzuen laguntza izan dugu. Haiek fakultatetik ekarri dute material apur bat, eta guk jarri dugu gainontzekoa. Ibarrangeluko elizan grabatu dugu. Dena ilun-ilun, dotore, eta itxura ona dauka. Espero dugu laster irtetea, azaroan ikusteko aukera egongo da. Gainera, esku artean badugu beste bideoklip indartsuagoa-edo egiteko proi-
ektua hurrengo single-lerako. Baina, lasaiago hartu, eta patxadaz egingo dugu.