Oroimen Historikoa lantzeko Batzordea osatzen hasi dira Busturian
Busturiko Udala Oroimen Historikoa lantzeko Batzordea eratzen hasi da. Busturiko Udaleko alderdi politiko guztiak, herriko elkarteak eta eragileak eta herritarrak parte hartzen ari dira, bai eta EHUko irakasle Joseba Agirrezkuenaga ere; Ahaztuak elkartea ere gonbidatu dute. Lehenengo batzar bat egin dute, eta hilean behin batuko direla azaldu du Busturiko zinegotzi Naiara Ruizek.
Abuztuan egindako Gomuta Egunean, Busturiko fusilatuen senideekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzarekin batu ondoren erabaki zuten Oroimen Historikoa lantzeko Batzorde bat eratzea, nahiz eta Busturiko zinegotziak azaldu modura, aurreko agintalditik zetorren ideia bat zen. Lehenengo kontaktua egin ondoren, hurrengo batzarrean, orain arte landutakoa mahai gainean jarri eta aztertuko dute, eta hortik aurrera eman beharreko pausoak zehazten hasiko direla esan du Ruizek.
Gogorarazi duenez, aurreko agintaldian Memoria Historikoa lantzeko beka bat martxan jartzeko asmoa egon zen; aldi historiko harek sorrarazi zituen eragin sozialak, ekonomikoak, politikoak eta kulturalak ikertzeko. Hala ere, asmo hutsean geratu zen, «ez dakigu zergatik». Horregatik, beka harekin gertatu zena aztertzen dabiltzala esan du Ruizek, eta beka hori abiarazteko asmoa agertu du, gainera: «datorren urteko aurrekontuetan partida bat aurreikusi beharko dugu beka martxan jarri ahal izateko».
Beka hori egiteko nor izango litzatekeen egokiena zehazteke dutela esan du Ruizek, mota horretako erabakiak orain Oroimen Historikoaren Batzordean hartuko direla nabarmenduta. Dioenez, «gai horietan aditua den herriko pertsonaren bat izan daiteke edo Eusko Ikaskuntza, batzuk aipatzekotan. Ondo aztertu beharreko gaia da».
Hala ere, ahalik eta arinen egin beharreko gauza dela uste du Busturiko zinegotziak; «izan ere, garai hartako bizipenak kontatu ahal dizkiguten herritarrak nagusiak dira eta gero eta gutxiago geratzen dira». Ruizek azaldutakoaren arabera, «abuztuan Busturiko fusilatuei egindako omenaldian izan zen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta harek esan zigun Oroimenaren Euskal Institutura gura dugunean jo dezakegula».
Egun gutxi barru, bigarren bilera deituko du Oroimen Historikoa lantzeko Batzordeak, eta bilera irekiak direla gogorarazi gura izan du Ruizek, «nahi duten guztiek parte hartu ahal dute». Harrera «oso ona» izan duela dio, «ea denborarekin horrela jarraitzen dugun, lan handia egin beharra daukagu eta».