Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten diskoa.
Argazkilaria: Baga Biga disketxea.
Taldearen izen bera du kaleratu berri duten azken diskoak:
The Uski’s. Baga Biga disketxeagaz prestatu dute lan berria, eta urriaren 15etik salgai badago ere asteon aurkeztu dute.
Hain zuzen ere, martitzen eguerdian Biboko Kafe Antzokian egin zuten diskoaren aurkezpen ekitaldia.
Baina, aspalditik entzungai da lehen
singlea:
Mr Bajoi. Halaber, diskoaren lehen bideoklipa izango dena prestatzen dabil taldea.
Lan berriaren lehen aurkezpen kontzertua Gernika-Lumon egingo dute hilaren 31an. Revolution dantzalekuan eskainiko dute lehen emanaldi hori, 23:30ean hasita.
Hala ere, kontzertuaren aurretik,
21:00ak aldera Swing klasea emango dute, eta 22:15etan The Incult taldeak kontzertua emango du. Gero, 1:00etatik aurrera Swing Jaia egongo da.
Sustraiak dituen rock aldera jo dute azken lanetan, baina, melodien koru finak ahaztu barik. Kanta berriekin kritika “garratza” helarazten dute, gaur egungo garai “ustelak” agerian utzita.
Letretan taldearen aurpegirik “gordinena” erakutsi dute, “lastorik” barik doaz hitzak, harremanak, ustelkeria politikoa eta sentimendu, besteak beste. Rock and roll abestiak dira funtsean, baina, rockaren estiloetako musika zertzelada desberdinak aurkituko ditugu. Kantu bakoitzak soinu mundu berezia du eta muinean batasuna ageri da melodiak kantatzeko moduan eta koruetan.
2003.urtean sortu zen taldea eta kaleratu berri duten diskoa bosgarrena da. Aurretik,
Tximinotan (2012),
Katuek Bezala (2009),
Barikun (2007) eta
Itxosun zarati (2005) lanak argitaratu ditu taldeak.