Txiletik, eta mundu zabaletik, heldutako arpillerak daude ikusgai Gernika-Lumoko Bakearen museoan. Gerrak utzitako hainbat pasarte josita utzi dituzte hainbat tokitako emakumeek.
Arpillerak, Bakearen Museoan
Giza eskubideen kontrako urraketak salatzeko eskulanak. Memoria bizirik mantentzen duen artea. Salaketa soziala eta politikoa hariarekin eginda. Arpillerak heldu dira Gernika-Lumoko Bakearen Museora. Emakumeek jositako historia ikusgai izango da 2016ko apirilaren 2ra arte.
Arpillerak hiru dimentsioko ehunezko lanak dira, eta latinoamerikan dute jatorria; Txilen, hain zuzen ere. Tapiz mota berezi horrek arpillerari zor dio uzena; hots, kalamuz egindako oihal lodi bati. Txilen Pinocheten diktadurak iraun zuen urteetan (1973etik 1989ra) Txileko emakumeek arpillerak josiz islatzen zituzten beraien arazoak eta salaketak. Besteak beste, kazeroladak, preso zituzten senar, seme, senideen askatasuna eskatzeko ekimenak, desagertzeak edo torturak, exekuzioak edota langabezia egoerak salatzeko egindako mobilizazio eta protestak eskegita daude Gernika-Lumoko Bakearen museoan ikusgai dagoen erakusketan.
Hainbat herrialdekoak
Etxean zituzten bitartekoak baaliatuta egiten zituzten arpillerak: patata zakuak, haria, oihal puskak eta jostorratza. hala irudikatu zituzten gatazka edo gerraren ondorioz bizi izandakoa. Emakume horien errealitatea da islatuta dagoena, beraien adorea eta lan kolektiboa gizarte baketsuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko. «Ahots josiak» direla azaltzen du erakusketaren panel informatiboak, eta, era berean, memoria eta justizia egiteko ekarpenak direla.
Txileko emakumeek egindako arpillerak ez ezik, Peruko andreek, Ipar Irlandakoek, Inglaterrakoek Argentinakoek, Zimbabwekoek, Alemaniakoek edota Kolonbiakoek jositakoak ere ikusgai daude Bakearen museoan. Halaber, Kataluniako bi andrek (ama-alabek) jositako arpillera ere aipagarria da. Horretan, Frankismo garaiko pasarte bat kontatzen dute: «Gizonak kamioian daramatzate, exekutatzeko. Gurutzeek haien hilobiak adierazten dituzte». Badalonako (Bartzelona) Angela Matamoros Vazquez eta Angela Vazquez Gonzalez dira arpillera horren egileen izenak. Baina mundu zabaleko arpillerek izen eta abizen asko eta askotarikoak dituzte.
Tapizetan, salaketa soziala eta politikoa egiten dute
Arpillerak egiteko tailerra
2008. urteaz geroztik, hainbat herrialdetan izan dira arpillerak, erakusten. Gaur egun, lekuko politiko esanguratsu gisa eta artelan gisa aitortuta daude. Euren ibilbidearen etapa guztietan, sortzen dituztenetik erakusketetan ikusgai jartzen dituzten arte, arpillerek aurre egiten diote beren lekukotzari, beren ahalmen iraunkor eta globalaren erakusgarri.
Roberta Bacic txiletarra da erakusketaren arduraduna, eta Bakearen Museoaren, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoaren eta Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen elkarlanari esker heldu dira Euskal Herrira.
Datorren astteik aurrera, gainera, euskal herritarrak ere beraien historia josteko aukera izango dute, Gernikako Bakearen Museoari esker. Izan ere, arpillerak egiten ikasteko tailerra antolatu du Bakearen Museoa Fundazioak.
Tailer horiek museoan bertan izango direla jakinarazi dute. Eguenero batuko dira, 17:45etik 19:45ra, urriaren 29an hasi eta 2016ko maiatza bitartean. Izena emateko museora bertara deitu behar da: 946 270 213.