Urdaibaiko ipar-mendebaldeak historiaurreko altxor zoragarria gordetzen du. Sollube mendiaren hegalek oraindik oso ezezaguna den kultur altxor garrantzitsua dute: Sollube-Katillotxuko estazio megalitikoa. Bertan daude eskualdeko trikuharri kopuru handiena. Urdaibaik 10 monumentu megalitiko ditu: 5 trikuharri, 4 tumulu eta iruinarri bat. Horietatik 9 Sollubeko estazio megalitikoan daude, eta gainontzekoa, Munjozuriko trikuharria, bakartuta dago, Ilunzar-Busterrigane mendilerroan.
Historiaurrea ezagutzeko bidaia ederra egin daiteke, hortaz, Solluben, eta bertan dauden 9 monumentu megalitikoak ezagutzeko bi ibilbide daude: Sollubeko ibilbide megalitikoa da luzeena, 21,5 kilometro ditu; Katillotxuko ibilbide megalitikoak, berriz, 6.7 kilometro ditu, bi ordu inguruko ibilaldi polita izan daiteke. Batek zein besteak Urdaibaiko itsasadarreko ezkerraldeko zenbait herri lotzen dituzte: Bermeo, Mundaka, Sukarrieta eta Busturia.
Busturitik hasita
Sorbituaga-Arriatarako iruinarria
Sollubeko Ibilbide Megalitikoa Busturian hasten da; Altamira auzotik abiatzen da, hain zuzen ere. Betoizko pista batek lotzen du Altamira Busturiko Goierri auzoagaz, eta bidean dago Sorbituaga-Arriatarako iruinarria. Arriatara eta Sorbituaga baserrien artean zabaltzen zen zelaian dago, handik iruinarriaren izena. Zutik dagoen hareharrizko bloke eskerga da: altueran 2,12 metro, zabaleran 0,92 metro eta gehienezko lodiera 0,25 metrokoa du; goiko aldean zeharo bereziak diren alboko ebaki batzuk ditu.
GR 38 ibilbidearekin batera, Larrago ingurua gurutzatu eta Zabala-Lurkoira doan bidea hartzen du ibilbideak, ezkerraldean. Kilometro bat ibili ondoren, ezkerrera jo eta Solluberantz doan bide bakarra hartu behar da, basoko pista batetik. Zabale inguruan, Añabustiko trikuharria dago. 1991. urtean, lur eremuaren gain batean atzemandako trikuharri bat ikus daiteke, eta 1992an, handik 100 metrora, trikuharriaren ekialdera aurkitutako gainazaleko harri aztarnategia.
Añabustiko trikuharria ondotik igaro eta gero, pinudia atzean utzita, Tribisburuko zelaiak zeharkatu eta izen bereko aztarnategia dago.
2016an zabalduko dute
Tribisburuko aztarnategia
Tribisburuko arkeologia aztarnategia. K.o. I eta III. mendeen arteko errauste-nekropoli erromatarra da. Dituen ezaugarriengatik, gainera, bakarra da Bizkaian. 1994. urtean aurkitu zituzten aipatu aztarnategian lehenengo aztarnak. Foru Aldundiko ondare arloko teknikarien eta arkeologoen lantalde bat indusketa eta sendotze lanak egiten ibili izan dira, aztarnategian dagoena “kontserbatu eta erakusteko” asmoz, eta oraindik ezin daiteke bisitatu. Hala ere, datorren udan bisita gidatuak egiteko prest egongo dela aurreikusi dute. Hortaz, ordura arte ibiltariek bidean utzi beharko dute aztarnategia, eta ibilbidean aurrera jarraitu beharko dute.
Aztarnategia atzean utzita, GR 98 ibilbideagaz, hau da, Urdaibaiko biragaz, topo egiten du bisitariak, Bermeoraino bidelagun izango duena. Bidean, Sollubeko Iturria trikuharria eta Urkidiko tumulura doazen desbideratzeak ikus daitezke.
Mundakatik abiatuta
Katillotxuko Ibilbide Megalitikoak Busturiko Itsasbegi eta Mundaka lotzen ditu. Itsasbegitik abiatu eta Toñako parkea zeharkatu ostean, eliza aldera igo beharko da. Gernika-Lumo eta Bermeo lotzen dituen errepidea zeharkatu, eta Munitiz auzora doan errepidetxoari jarraituz, mendian gora egiten du ibilbideak. Munitizko dorretik gora jarraitu beharra dago, azken baserrien parean bidegurutze batera iritsi arte.
Ezkerreko bidea hartuta, Pakoteneko tumuluraino igotzen da ibilbidea. Indusketa egin aurretik, hilobi ganbara dutenik erakusten duen aztarnarik ez duten monumentuak dira tumuluak. Pakoteneko tumulua bistaratu ondoren, pista albo batera utzi eta Katillotxuko mendilerroa zeharkatzen duen bidezidorra hartu beharko da. Gailurrean, trikuharriei buruzko informazio mahaiak daude, eta horietan Katillotxu I eta V trikuharriei buruzko bitxikeriak ezagut daitezke. Induskatutako bi trikuharri horiek hilobi gisa erabili zituzten bi mila urte baino gehiagoz, K.a. IV. milurtekoaren hasieratik II. milurtekora. Lurreko azidotasuna dela eta, giza aztarnarik ez da agertzen eta oso zaila da egiten zituzten hileta errituen berri ematea. Hala ere, aztarna arkeologiko ugari aurkitu dituzte.
Katillotxutik Mundakara jaisteko GR 98 bidearen ikurrak jarraitu beharko dira Goitizeraino. Auzo bide batek eramaten du ondoren, Mundakara.
Ibilaldi atsegin batez gozatzen den bitartean, eskualdeko fenomeno megalitikoa ezagutzeko aukera dago ibilbideoi esker.
MONUMENTUAK
Bi ibilbideetan aurki daitekeen monumentuak:
Sollubeko ibilbidean
Monumentu megalitikoak.
1. Urkidiko tumulua.
2. Sollubeko Iturriko trikuharria.
3. Añabustiko trikuharria.
4. Sorbituaga-Arriatarako iruinarria.
Katillotxuko ibilbidean
Multzo megalitikoak.
1. Pakoteneko tumulua.
2. Katillotxu II-ko tumulua.
3. Katillotxu I-eko trikuharria.
4. Katillotxu VI-ko tumulua.