
Emakumezko pilotariak izango dira protagonista etzi, Bermeon. Izan ere, udalerriko Sareginek Emakume Feministen elkarteak eta Larrabetzuko Txokoan Emakume Pilotarien elkarteak elkarlanean antolatuta mahaingurua eta pilota partidak egingo dituzte.
Ekitaldi biak doan izango dira, eta antolatzaileek bietan parte hartzeko gonbita luzatu diete bertako zein inguruko herritarrei.
Eguerdian
Emakume pilotariak: norgehiagoka gazi gozoa izenburupean hitzaldia emango dute Ainhoa Azurmendi EHUko irakasleak eta Txokoaneko kideek.
12:30ean Lameran elkartu, eta Kabidxen egingo dute mahaingurua. Izan ere, ikus-entzunezkko emanaldiagaz osatuko dute ekitaldia.
Azurmendi kirola eta berdintasun alorrean aditua da, eta besteak beste, Eusko Jaurlaritzako aholkularia ere bada.
Hark gaiari modu orokorrean helduko dio, eta besteak beste, emakumeek pilota munduan dituzten zailtasunen zein lorpenen inguruan berba egingo du.
Txokoaneko kideek, berriz, haien esperientziaren nondik norakoak kontatuko dituzte; dituzten helburuak, trabak, arazoak etab. Eta horrela, haien lana ezagutaraziko dute.
Pilota partidak
Arratsaldean jokatuko dituzte pilota partiduak Bermeoko Artza pilotalekuan. Hain zuzen ere, 17:00etan hasi eta 20:00ak arte jokatuko dute txapelketa.
Larrabetzuko esku pilota taldetik dozena bat neskak hartuko dute parte, eta horiekaz batera, bi neska nafar ere lehaituko dira.
Kategoria desberdinetako pilotariak direnez, zein bere mailan lehiatuko dira, binaka.
Gainera, epaileak ere Txokoaneko pilotariak izango dira. Hau da, jokatzea tokatzen ez zaienek gainerako pilotarien partidak epaituko dituztela jakinarazi dute.