Txanogorritxo ipuinaren moldaketa antzeztuko dute barikuan, Bermeon
Glu Glu produccionesek Txanogorritxo antzezlana dakar Bermeora, barikuan. Charles Perraultek jaso zuen ipuin klasikoaren moldaketa da Kafe Antzokiko agertokian ikusteko aukera egongo dena. 3 eta 9 urte bitarteko umeei zuzendutako ikuskizuna da Bermeoko Udalak antolatu duena.
Lanak izango duen ukitu musikala nabarmentzekoa dela diote; «hain zuzen ere, dantzek eta abestiek Txanogorritxo lagunduko dute basoko bide ahaztezin, arriskutsu eta dibertigarritik. Izan ere, jolastea ezinbestekoa da, baina beti ere begiak erne edukita».
Barikuko antzezlana 18:30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude aurretiaz erosi gura duten horientzako. Hala, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, BBKren orotarako kutzazainetan edota www.kutxabank.es webgunearen bitartez eros daitezke. Sarrerak 4 euroren truke eskuratu ahal dira.