Beste behin ere Errigorak udazkeneko kanpainari hasiera eman dio. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lemapean, 50 euroren truke, Nafarroa hegoaldeko baratzaren uztaren lagin bat hartu ahalko dute herritarrek. “15 ekoizlek arreta eta maitasunez ondutako kalitatezko produktu sortaz gozatu ahalko dute”. Eskaerak egiteko epea azaroaren 8an amaitzen da. Busturialdean
hainbat herritan egin ahalko dira eskaerak (ikus zerrenda, azpian).
Kanpainari hasiera emateko prentsaurrekoa. Argazkia: Errigora
Errigorak Zazpiak Bat harreman sarearekin, Sortzenekin, AEKrekin eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean abiarazi du kanpaina. “Hartzea eta ematea. Horixe proposatzen dugu”. Izan ere, eskaera egiten dutenek,
Nafarroa hegoaldeko ekoizpenari bultzada emango dietela esan dute Errigorako kideek. “Bestetik, urtero egin modura, saskiaren balioaren
%25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da”.
2012az geroztik, Errigoraren bidez, eskalgintzari 300.000 euro eman zaizkio. Aurten, diru ekarpena Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolen biziraupenera, Erriberako AEKra eta Sortzenek D eredua Nafarroa osora zabaltzeko helburuarekin egingo dituen ekimenetara bideratuko dira.
Beste alde batetik, Errigorako kideek auzolanean parte hartzen duten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete. “Errigora zerbait bada, ehunka lagunen borondatezko lanari eta ilusioari esker da. Auzolanari esker”.
Udazkeneko kanpainako saskia.
Erriberako ikastolen errealitatea
Vianako Erentzun Ikastola eta Lodosako Ibaialde Ebro ibaiaren mugan kokatuta daude, oso euskalduna ez den eskuladean, non egoera sozio-politikoa ez den batera mesedegarria euskararen hedapenerako. “Bi ikastola horiek, gure inguru eta kulturan beraien sustraiak errotzen dituzten hezkuntza proiektu bezala eraiki dira, bizi garen eta garatzen garen mundu honetara hurbildu, ulertu eta jarduteko plataforma bezala”, diote Iñigo Telleria eta Maite Otero Erentzun eta Ibaialde ikastoletako ordezkariek.
Bide beretik, Errigorari ere esker oneko hitzak eskaini dizkiete: “Eskerrak eman nahi dzikiogu Errigorari ekimen honengatik, elkarlana, elikaduraren burujabetza eta euskara oinarri duelako. Ez ditugu ahaztu nahi urtero auzolanean aritzen direnak hau aurrera ateratzeko eta saskia erosten duten guztiak Erriberan euskara zabaldu dadin”.
Hona hemen
Busturialdean eskaerak egiteko guneak, herrika:
- Bermeo: Alkartetxea, Berhazen bulegoa, AEKren bulegoa, kultur etxea, Bolatoki, Eleizalde ikastola, Erroxape eta LABen egoitza.
- Forua: Foruko barnetegia.
- Ea: Ariatza bodegoia.
- Ibarrangelu: kultur etxea.
- Gernika-Lumo: Allende Salazar eskola, Astra, AEKren bulegoa eta Seber Altube ikastola.