Eako herrigunea.
Aurreko asteetan osatu zituzten. “Lehen bilera horietan batzordeak osatu dira, eta haiei dagokie osoko bilkuran onartuta dagoen plangintza estrategikoan–datozen lau urtetarako udalaren egitasmoen berri ematen duena–agertzen diren gutxieneko edukiak lantzea”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Etxebizitzaren inguruko bileran herrian etxebizitzaren inguruan dauden arazoaz aritu ziren. Udalerrian 1.013 etxebizitza daude guztira, eta horietatik herriguneko 300dik gora dira bigarren etxebizitzak–asko udatiarrenak–. Eta badaude, halaber hutsik daudenak, eta eraberritzearen beharra duten udalaren eraikin batzuk, eta horiekaz zer eta zelan egin aztertuko dute.
“Horretan zeozelan eragiteko asmoa dago. Lehenengo bertoko etxe-jabeak sentsibilizatu, eta azalduko zaie badagoela herrian jendea bertan bizi nahi duena eta ez duela non bizi. Udatiarrak datozenak ere asko ez dira jabeak, alokairuan datoz…”
Horretaz aparte, etxebizitza tasatuei dagozkien ordenantza batzuk egin behar dituzte, eta baita baserri-etxeetako eraikuntzazko esku-hartze erregulatuko dituztenak ere.
Udalerriko garapen sozioekonomikoa
Bestalde, herrian bertan bizi ahal izateko bertan lan eginda zein aukera dauden aztertu eta lantzen dabiltza Garapen Sozioekonomikorako batzordean: “Zein gaitasun eta baliabide ditugun aztertu eta hortik abiatuta hiru ildo nagusi zehaztu dira: Elikadura subirautza, baso kudeaketa eta turismoa”.
Elikadura subirautzari dagokionez, nekazaritzak daukan gainbehera herrian zelan gelditu dezaketen aztertuko dute. “Pofesionalki orain dela 20 urte eskas 91 baserritar egotetik sei bat edo egotera pasatu gara”.
Hala ere, badira beste asko autokontsumorako ekoizpenagaz dabiltzanak eta hori ere bultzatzeko gauza bat dela argi dute: “Ikusi beharko da zein aukera sortu ahal diren elikagaiak bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzeko, Bai indibidualki eta baita kolektiboki ere”.
Arlo horretan badutela zer egin azaldu du, eta esaterako, datorren urtera begiera ikastaro batzuk emateko asmoa dute: inaustearena, ortugintza, kontserbagintza…
Turismoari dagokionez, lehenik eta behin turismo eredua definituko dute, eta ondoren horretarako ekintzak bideratu: “Argi dugu berton integratzen den turismo eredua behar dugula, ez turismo masibo bat. Inguru naturala erasotzen ez duena eta bertokoa balioan jartzen duena, turismo kultura ere, kultur arloan ekintza ugari egiten direlako hemen, eta gero bertako ondarea edo arkitektura edo arkeologia balioan jartzen duena”.
Gauza da herriaren historia zelanbait kontatzea eta horra bideratutako turismoa lortzea. «Ez bakarrik kanpotarrei begira, guk geuk ere ezagutzeko gure herriaren historia eta azken batean izango zen hiru ardatz horiek bateratu, eta funtzionatzen duten beste gauzekin saretzea.
«Momentuz balorazio positiboa egiten dugu. Parte hartzearen aldetik gutxi gorabehera hamar bat herritarreko batezbestekoa etorri dira batzordeko, udaleko kideez aparte”.
Bestalde, bihar 19:00etatik aurrera Eskolondon egingo dute Euskara batzordea osatzeko lehen bilera. Halaber, hilaren 29an izango da Kultura batzordearen inguruko lehen batzarra, eta horretan ere eatarrek parte hartze zabala espero dute: “Azken batean denoi eragiten diguten gaiak dira, eta denok dugu zeresana gaiotan”.