Argiarekin arazoak izaten dituzte maiz, Busturiko San Kristobal auzoko bizilagunek. Arazoari irtenbidea eman asmoz, lurperatuta dagoen kable instalazioa berritzeari ekin diote. Joan den astean hasi zituzten lanak eta hile betez luza daitezke.
Lurperatuta dagoen kable instalazioaren egoera «oso txarra» dela aipatu du Busturiko alkate Aitor Aretxagak: «Euri apur bat egiten zuenean edota ekaitz baten ondorioz, argi barik geratzen ziren auzotarrak, eta hainbat egun izaten ziren argi barik. Hezetasun apur batekin soilik argiak salto egiten zuen».
Arazo larriena, San Kristobal auzoko trenbidetik hasi eta errepide nagusirainoko tartean dagoela diote. Gauzak horrela, tarte hori konpontzeko lanak egiten ari dira; «kaleak altxatzen ari dira lurperatuta dagoen kable instalazio zaharra kentzeko eta berria jartzeko». Tarte horretan dago, gainera, auzoko argiteria osoa kontrolatzen duen argi kutxa, eta hori ere «oso zaharkituta dagoela eta» kendu eta berria jarriko dute.
Busturiko alkatearen arabera, «adituek uste dute tarte hori konponduta, auzo guztiko arazoa konponduko dela». Hortaz, lehenengo fase bateko lanak egingo dituzte oraingoan. «Derrigorrezkoa» zen egitea.
Auzoko tarte horretako kable instalazioa berrituta arazoa konponduta egongo dela uste badute ere, «ez du esan gura errepide nagusitik Altamirara doan tarteko kable instalazioa ondo dagoenik», dio Aretxagak. «Hala-hola» omen dago adituen arabera. Baina, etorkizunean, bigarren fase batean tarte hori ere berritu beharko dutela adierazi du.
Argi puntuak aldatu
Lanok aprobetxatuta, gainera, zenbait argi puntu aldatuko dituztela azaldu du alkateak, «auzoko argitasuna orekatzeko». Argiolak egin duen argitasun azterketari jarraituta, akatsak zuzenduko dira batetik, zenbait argi puntu aldatuta, «kale-argiak hurbil dauden kasuetan». Eta, bestetik, puntu beltzak ikusi dituzten lekuetan, puntu berriak jarriko dituzte. Zehazki, hiru argi puntu dira lekuz aldatuko dituztenak, eta hiru puntu ere, berriak jarriko dituztenak.
Kaleak altxatu behar direnez, hutsik egongo diren bi hodi lurperatuko dituztela jakinarazi du alkateak: «Etorkizunean arazoren bat sortzen baldin bada, prest uzteko. Kalea berriro altxatu beharra ez edukitzeko».
Bestalde, joan den agintaldian abiarazitako eraginkortasun energetikoarekin jarraituta, LED teknologiazko argiak jarriko dituztela jakinarazi du Aretxagak. Eraginkortasun handiagoko bonbillak jarriko dira eta gutxiago kusatzen dituztenak. Hala, energia elektrikoaren kostua murriztu egingo dela uste du. 22 argi izango dira, hain zuzen, LED teknologiara aldatuko dituztenak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako EEE-ren (Energiaren Euskal Erakundea) diru laguntza jasoko du Busturiko Udalak.
Alkateak dioenez, lan horiek guztiak egiteko aurrekontua 105.00 eurokoa da.