Valladoliden egon dira gaur eta Legebiltzarraren aurrera arte joango dira eguenean [urriak 22] Busturialdeko suhiltzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako suhiltzaileekin batera. Eusko Jaurlaritzak egun horretan eramango du legebiltzarrera joan den uztailaren 27an onartu zuen Suteen prebentzio eta itzalketa eta salbamendu zerbitzuak arautzeko lege-proiektua, eta suhiltzaileek manifestazioa egingo dute lege proiektu hori errotik aldatzea exijitzeko.
Gernika-Lumoko suhiltzaileen parkea.
Lege berriak suhiltzaileen zerbitzua pribatizatu eta murrizteko aukerak zabalik uzten dituela salatzen dute suhiltzaileek. Izan ere, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendurako zerbitzuez gain, beste figura batzuk arautzea aurreikusten ditu lege-proiektuak suhiltzaile laguntzaile eta suhiltzaile boluntarioenak besteak beste.
Suhiltzaile laguntzaile edo lanaldi partzialean lan egiten duten suhiltzaileen figura badago gaur egun Araban, eta eredu hori beste lurraldeetara zabaltzeko arriskua dagoela ikusten dute. Gainera, aldaketa, suhiltzaileen etxe txikietatik hasiko litzatekeela uste dute, eta Gernika-Lumon dagoen suhiltzaileen etxea tamainu horretakoa da.
Bestalde, lege berriak profesionalak gutxitu eta boluntarioekin hutsuneak betetzea ere ahalbidetzen du edo lanaldi partzialeko kontratuekin guztiz pribatizatzea. Beraz, suhiltzaileen ustez, profesionalek eskainitako 24 orduko zerbitzua bermatu beharko litzateke.
Baldintzen prekarizazioa
Suhiltzaileek duten beste kexuetako bat da lege-proiektua lantzerako orduan Eusko Jaurlaritzak ez dituela kontuan izan. Beraz, ez datoz bat ez erabili duten prozeduragaz ez eta edukiagaz ere.
Euren alegazio eta protestak sindikatuen bidez ere helarazi dizkiote Eusko Jaurlaritzari. ELA eta LABen ikuspuntutik lege-proiektu hau ez da ez suhiltzaileek ez eta euskal gizarteak ere behar duen legea. Sindikatuek diotenez, Lege horrek ez dio aterik ixten zerbitzuaren pribatizazioari eta lan baldintzen prekarizazioa eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du, funtzioen galera dakar eta administrazioaren diskrektsionalitatea gogortzen du, taldeen birklasifikazioari ez dio irtenbiderik ematen eta formakuntzaren pribatizazioa bultzatzen du besteak beste. Beraz, lege-proiektu hori bertan behera utzi eta berriz ere prozesu osoagaz has daiteztela eskatzen dute.
Lege-proiektuaren kontrako protestez gain, sozializazio kanpaina bat ere jarri dute martxan. Horrela, pankarta bidez daukate protestaren arrazoia idatzita suhiltzaile etxearen aurreko aldean eta sinadura bilketa bat ere hasi dute. Horrela, nahi duenak
Change.org web orrian sinatu dezake EAEko suhiltzaileen zerbitzuak murrizketarik ez izateko eskaera:
www.change.org/p/gobierno-vasco-eusko-jaurlaritza-no-precaricéis-los-servicios-de-bomberos-del-pa%C3%ADs-vasco.