Charo Pita & Clara Pino, Arrantzaleen Museoan
Abangoardia eta tradizioa uztartu ditu Mareak jaialdiaren lehenengo edizioak, eta jarraipena izateko iritsi dela jakinarazi du Ane Ortube jaialdiko antolatzaileetako batek. Herritarren erantzuna «ona» izan da, eta antolatzaileak ere «pozik» agertu dira.
Guztira, sei ekitaldi izan ditu jaialdiak; horien artean, musika emanaldiak, ipuin kontalariak eta proiekzioak izan dira, eta guztiak «oso ondo» izan direla aipatu du. Horiek guztiak eszenatoki desberdinetan izan dira, egunaren arabera. Nestor Basterretxea aretoa, Arrantzaleen Museoa,
Aita Guria baleontzia eta Beleza Malandra Ateneo Kulturala erabii dituzte lehenengo ediziorako.
«Pozik» agertu dira antolatzaileak, ikusleria desberdinarengana heltzeko gai izan direlako, «ez gazteengana soilik»; helburuetako bat hori zela aipatu du, gainera, «ohiko ikusleek badute non aukeratu, guk, baina, beste mota bateko ikusleak erakarri gura genituen». Harrera «ona» izan du jaialdiak; izan ere, bertaratutakoek jaialdiaren ideia «barneratu» dutela diote, eta «gustukoa» izan dutela gaineratu dute, «batzuek ekitaldi batera etorri eta errepikatu egin dute. Beste batzuek ordea, ahoz ahokoaren bidez iritsira dira jaialdira».
Mareak jaialdia ez da lehenengo edizio bakar batean geratuko, eta datorren urtera begira lanean jarraituko dutela adierazi du: «Sei eguneko egitarau jarraitua, hala ere, antolatzaileentzako gogorra da. Orduan, hurrengo urtera begira, posible liteke egunak banatzea, baina ideia bat baino ez da oraindik». Data aldetik, jaialdia urrian edo azaroan mantenduko dutela diote, beti ere, uda amaitu ostean. Euskal Herriko kultur aisialdiaren esparruan hitzordu «garrantzitsu batean» bihurtu gura dute.