
Argazkilaria: Txebi Arriaga.
Denboraldia hasi zenetik ez du partidarik galdu etxean. Zapatuan lortu zuten etxeko azken garaipena, Campus Prometeren kontra, 2015-2016 denboraldiko bosgarren jardunaldian. Eta aldeko emaitza horri esker, sailkapeneko hirugarrena da bederatzi puntugaz.
Hain zuzen ere, sailkapeneko lehenengo lau taldeak puntu kopuru bera dute. Girona dago lider, Perfumerias Avenida bigarren eta Bembibre da sailkepeneko laugarrena.
71-66 nagusitu zen talde gernikarra herenegun. Sufritzea tokatu zitzaien jokalariei, eta ez ziren oso gustura aritu, baina, garaipen garrantzitsua eskuratu zuten etxean, beste behin.
Partida hasiera ez zen gernikarrek esperotakoa izan, eta Campus Prometek estreinatu zuen markagailua. Norgehiagoka hasi eta lau minutu pasatxoan 7-10 aurretik zen talde errioxarra, eta 8. minutuan aldea apur bat handitzea lortu zuten: 12-18.
Stewart nagusi zen gernikarren kantxan; Llorente Gastaminza geldiarazteko zereginean zebilen, eta etxekoen erasoan arintasun falta igartzen zen. Ross ere nahi eta ezinean zebilen, eta talde gernikarrak nahi baino baloi gehiago galdu zituen.
Jokoan intentsitatea erakutsi zuten etxeko jokalariek, baina, Campus Prometekoak eroso zebiltzan jaurtiketetan. 16. minutuan, esaterako, ia hamar puntuko aldea zegoen bi taldeen artean: 23-32. Baina, orduan, 12-1-eko aldeko partziala lortu zuten etxekoek. Naiara Diezen hirukoei, eta Ross-en eta Edwards-en jaurtiketei esker markagailuan aurretik heldu ziren atsedenaldira: 35-33.

Argazkilaria: Txebi Arriaga
Atsedenalditik bueltan, Gernika Bizkaia hobeto jokatzen hasi zen; beren jokoa egiten asmatu zuen. Hala ere, ez zen jokoagaz gozatzeko partida izan. Talde biek egin zituzten hutsegiteak, eta etxekoak ez zeuden gustura.
Hirugarren laurdenean ere markagailuan aurre hartu zuen Errioxako (Espainia) taldeak. Baina, bi edo hiru puntuko aldea baino ez zen, eta talde gernikarreko jokalariek bazekiten garaipena lortzeko gai zirela.
Beste behin Maloste bete zuten zaleek ere gogor animatu zuten taldea, eta horrek ere bultzada garrantzitsua eman zien etxeko jokalariei. Partida amaitzeko zazpi minuturen falan, 54-57 zihoazen. Emozioa nabaria zen, eta garaipena bietako edozeinentzat izan zitekeen.
Azken bost minutuen faltan markagailuan berdinduta zeuden: 62-62. Azken minutuetan talde lanari esker lortu zuten garaipena gernikarrek. Erasoan zein defentsan asmatu zuten, eta Ross-ek lortu zuen partidako azken puntua, bi jaurtiketa libreetako bat saskiratuta.

Barikuko aurkezpenean atera zuten talde argazkia.
Talde guztien aurkezpena
Bestalde, zapatuko hitzorduaren aurretik, bariku iluntzean Malosten bildu ziren Gernika KESB-eko maila guztietako taldeetako jokalariak. Taldeen aurkezpen ekitaldian klubeko eta ikastetxeetako 30 bat talde eta 500 jokalari inguruk hartu zuten parte.
Talde argazkia atera aurretik, beheko mailetatik hasi eta Emakumezkoen ligan dagoen taldera arte, banan-banan atera ziren kantxara.