
Argazkilaria: Gernika R.T
33-32 irabazi zuten atzo Santboiana taldearen kontra. Hain zuzen ere, orain arteko neurketetatik etxean jokaturiko biak irabazi dituzte. Eta kanpoan lehiatutako bi derbiak (Hernaniren eta Getxo Artearen kontrakoak) galdu dituzte.
Emozioz beteriko garaipena izan zen atzokoa, eta Pietrelli eta Bertero argentinarrak giltzarri izan ziren. Lehenengoak egin zituen etxekoen hiru entseguak, azkena partidako azken minutuan izan zen gainera. Bestalde, Bertero bikain aritu zen jaurtiketetan.
Basurdeek nagusitasunez ekin zioten lehiari, aurkariaren defentsari presioa eginez. Baina, partida hasi eta bost minutura Santboianak hartu zuen aurrea markagailuan. Horrela, talde katalana etxekoen defentsa estutzen hasi zen orduan, behin eta berriro erasotuz.
Hala ere, Bruno Mercantiren mutilek ezustekoa eman gura zuten, eta defentsako lan onari esker eta baloia bereganatzea lortu zutenean Santboiana jokalari bat gutxiagorekin gelditzea eragin zuten. Orduan, Berterok berdindu zuen neurketa.
Etxekoak partidaren kontrola hartzen hasi ziren pixkanaka, aurkariari bere jokoa egiteko zailtasunak sortaraziz. Baina, horiek talde gogorra direla eta inoiz amore ematen ez dutela erakutsi zuten beste behin.
Esaterako, 21. minutuan Caseyk entsegua gauzatzea lortu zuen. Baina, etxekoek berehala erantzuten zuten, eta aurkako markagailuari buelta ematen asmatu zuten. Pietrellik duen kalitatea agerian utzi zuen, eta Santboianaren defentsa apurtuz entsegu bikaina lortu eta Berterok gauzatu zuen.
Etxekoak jokoan sendo zebiltzan, baina, horien hutsegiteak aprobetxatu zituen aurkariak. Horrela heldu ziren esaterako 10-17-ko markagailura. Baina, atsedenaldira heldu aurretik aldea murriztea lortu zuten etxekoek, eta 13-17 heldu ziren atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan Caseyk berearekin jarraitu zuen, 13-20-ko emaitza eskuratuz. Gero, Berterok ez zuen aukera galdu eta 16-20 jarri ziren. Jarraian talde katalanak puntuak pilatzen segitu zuen (16-25), baina, etxekoek erantzuten asmatu zuten, eta aldea nabarmen murriztea lortu zuten: 23-25.
Ondoren, Bertero markagailua aurretik jartzeko zorian egon zen, eta etxekoak ondoen jokatzen ari zirenean heldu zen talde katalanaren beste entsegu bat.
Partidako azken minutuak emozioz beterikoak izan ziren, eta basurdeak nagusi ziren zelaian. Hala, Pietrelli eta Berteroren jokaldiari esker lortu zuten garaipena partidaren azken hondarrean.