Iker Zabala: "Gutxienez beste urtebetean segitzeko esperantza daukat"

Castrogaz lortu zenuen lehenengo Kontxako bandera, baina Urdaibaigaz irabazteak ilusio berezia egingo zizun, ezta? Kanpoko traineruagaz edo etxekoagaz irabazteak ez dauka zerikusirik. Egun, badirudi Kontxa irabaztea erraza dela. Bost aldiz irabazi dugu, baina akordatzen naiz lehenengo bider irabazi genuenekoa. Hainbat urte egin genituen entrenatzen, eta hainbatetan joan ginen Donostiara sailkapen hutsa lortzeko helburuagaz. Eta orain, erreskadan, bost bandera etorri dira, baina lan oso-oso handia eginda. Badirudi ohitura bat dela herriko jaien amaieragaz batera bandera herrira ekartzea. Baina hankak lurrean eduki behar ditugu, Kontxa irabazteko batzuetan zorte handia behar baita. Beste txapelketetan ere azkenaldian nagusi izan zarete: bi urtez jarraian Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi dituzue. Batez ere, Euskadiko txapelketa zen guretzat oso inportantea; lehen, ospe handiko bandera zen. Askotan irabazi izan dugu, eta azken bi urteetan, Espainiako txapeldun izan gara. TKE liga 2003. urtean sortu zenetik bandera gehien eskuratu duen kluba da Urdaibai, eta horrek esan nahi du hamar urtetik gora daramatzagula punta-puntan. Ez dut inoiz ezagutu hamarkada oso batean punta-puntan egon den talderik. Beste taldeetan egon dira bolada onak, baina hamar urte punta-puntan egotea meritu handikoa da. Ea, behintzat, beste urtebetez bolada on hau luzatzen dugun. Ibilbide oparoa egin duzu, zenbat garaipen lortu dituzu? Taldekako kirola denez, beti esaten dut ibili naizen taldeetan irabazitako lorpenak direla. Kontxa sei aldiz irabazi dut –bost Urdaibaigaz–. Urdaibaik lau liga ditu. Uste dut 59 bandera dituela klubak, eta horietatik 55 estropadetan egon naiz. Euskadiko txapelketa zazpi-zortzi bider irabazi dugu, eta Espainiakoa hirutan.“Beti edukiko dut buruan Urdaibaigaz lehen Kontxa irabazi genuenean bizitakoa”
Kontxa irabazi bai, baina, TKE ligan Hondarribiak nagusitasun nabarmena erakutsi du. Hondarribiak egin duen denboraldia eta zelan egin duen txapela kentzeko moduko da. Meritu handiko denboraldia egin du, errekor guztiak apurtuz. Agian, arantza txiki bat dute Kontxagaz. Urdaibaik ere meritu handiko estropadak egin ditu aurten. TKE ligatik kanpo estropada denak irabazi ditugu, eta ligan ere hamar aldiz bigarren geratu gara. Bi taldeok maila beretsuan ibili gara, eta koska bat beherago besteak. Matematikek ez dute gezurrik esaten; jokatutako banderen%95ean edo ia %100ean Hondarribia edo gu izan gara nagusi uretan. Besteak ere estropada askotan gugandik oso gertu ibili dira; Oriok eta Kaikuk ere aurkari finak direla erakutsi dute. 25 urteotatik zein da gogoan duzun momenturik bereziena? 25 urte hauetan, pentsa! Momentu onak, txarrak, erdipurdikoak eta denetarikoak izan ditut. Baina beti edukiko dut buruan 2010ean Urdaibaigaz lehenengo Kontxa irabazi genuenean bizitakoa. Asko kostatu zitzaigun etxera lehen bandera hura ekartzea. Gainera, etxeko traineruagaz irabaztea gauza ikaragarria izan zen niretzat. Eta bizi izan duzun momenturik gogorrena? Momenturik txarrena 2009.urtea izan zen. Fran Gonzalez zen entrenatzaile, eta, ostean, ni jarri nintzen bere ordez. Urte horretako oroitzapenak ez dira batere onak. Nahikoa txarto pasatu nuen. Baina, orokorrean, urte hori kenduta, oroitzapen onak ditut arraun munduan. Lagun asko egin ditut, eta, azkenean, horregaz geratuko gara; bidean egindako lagunekin, eta ez banderekin edota medailekin. Arraunak denbora asko kendu bai, baina eman ere asko egin dizu, beraz. Klub denetan dago arraunlari beterano asko. Ni baino nagusiagoak ere badaude; gugaz dugu, esaterako, 46 urte dituen Debako Xabier Zulaika. Txikitatik hasi zen arraunean, eta oraindik ez da gelditu. Bere moduan beste asko daude klub gehienetan. Horrek esan nahi du kirol oso gogorra izan arren, gauza asko ematen dizkizula: taldeko giroa, traineruak berak ematen dizun sentsazioa… Beste gauza on asko ere baditu, eta horregatik gaude hainbeste urte arraunean. Gauza asko albo batera utzi beharra dakar: familia, lagunak, neskalaguna, batzuk seme-alabak ere bai… Oreka topatu behar duzu, eta oso gaitza izaten da; ordu asko sartzen dituzu klubean, baina ondo antolatuz gero, ez dago arazorik. Niri, behintzat, denetarako denbora eman dit. Erretiroa hartzen duzunerako badago erreleborik? Laupabost urtean harrobia nahikoa albo batera utzita egon da, eta hor hutsune oso garrantzitsu bat dago. Orain, jende berria sartu da; azpitik oso talde interesgarriak datoz. Lan oso ona egiten dabiltza. Animoak eman nahi dizkiet. Gu ere hortik hasi ginen, eta begira noraino heldu garen! Gure eredua dute. Haiek urrun ikusi arren, uste baino epe laburragoan, traineru barruan egongo dira, eta espero dut estropadak irabazten izatea. Orain ilusioa piztu duzue herrian, baina beti egon al da arraunerako zaletasuna? Bermeon, agian, ez da egon arraun kulturarik. Itsasoko jendeak beti jarraitu ditu estropadak, baina ez zegoen arrauneko giro hori. Garaipenekin berpiztu da herrian arrauneko kultura apur bat, eta ea mantentzen den, momentu txarrak ere etorriko dira eta. Gaitza izango da, baina momentu onetan eta txarretan arraun kultura hori herrian ez itzaltzea nahiko nuke. Gogoratzen dut lehenengo Kontxa irabazi ostean herrira heldu ginenean bizitakoa. Ez nuen sekula Goiko Plaza hainbeste jendegaz ikusi! Kamioi baten gainean banderagaz heldu ginenean jendea ikustea… Itzela izan zen!“Ea behintzat beste urtebetez bolada on hau luzatzea lortzen dugun”