Herriko ekonomia suspertzea da udalaren helburu nagusia
Besteak beste negozio berriei erraztasunak emango dizkie udalak. Udalerriko benetako beharrizanei erantzuna ematea dela lehentasuna adierazi du udal Gobernu taldeakElantxobeko udalak datozen lau urteetarako ildo nagusiak zehaztu ditu.Udal Gobernu talde...
Besteak beste negozio berriei erraztasunak emango dizkie udalak. Udalerriko benetako beharrizanei erantzuna ematea dela lehentasuna adierazi du udal Gobernu taldeak
Elantxobeko udalak datozen lau urteetarako ildo nagusiak zehaztu ditu.Udal Gobernu taldearen lehentasuna herriko «benetako beharrizanei» erantzuna ematea dela adierazi dute, eta horretarako, kudeaketa «zabal eta partehartzailearen» alde egin du.
Udalaren kudeaketaren gai estrategikoak lantzeko zenbait mozio aurkeztu ditu. Ildo estrategikoen artean, udalerriko ekonomia suspartzea da helburu nagusia.
Horretarako, besteak beste, negozio berriak erakartzeko erraztasunak emateagaz batera, udalaren instalazioetako kontratuak erregularizatzea aztertuko du.
Halaber, gardentasun legediaren inguruko mozioa ere aurkeztu dute. Horrela, Gobernu taldeak kudeaketa gardenaren aldeko neurriak betetzeko konpromisoa hartu du.
Besteak beste, herrirako garrantzitsuak diren erabakien gainean bizilagunak jakitun izango dituela, eta horietan modu aktiboan parte hartu ahalko dutela azaldu du: «Herritarrei zabalik lan egitea da helburua, komunikazio bide eta tresna zuzenak eta eskuragarriak erabiliz».
Bilduren proposamenak
Bestalde, herriko gune desberdinen sarbideak antolatzeko mozioa onartu dute, erabilera publikoko instalazio ezberdinen sarbideen kontrola egiteko ordenantza erregulatzailearen bitartez. Hala, asmoa da honako eraikin publikoen erabilera erraztea eta antolatzea: Gorgonio Renteria gune sozio-kulturala, udal ludoteka, kiroldegia eta herriguneko beste zenbait leku.
Gainera, Olaeta eta Larresille auzoen sarbideen egoera ere aztertu, eta herriko irisgarritasuna hobetzeko proiektuagaz aurrera jarraituko dutela jakinarazi du.
Halaber, Bilduk aurkezturiko zenbait gai ere landu dituzte osoko bilkuran: auzolanaren, Kaltzadaren eta igerilekuaren ingurukoak.
Auzolanari dagokionez, ordenantza baten bidez hura erregularitzatzeko asmoa agertu du udal Gobernu taldeak. Izan ere, istripuren bat gertatuz gero, erantzukizun zibila betetzeko.
Bestalde, igerilekuaren errekalifikazioa bideragarria den edo ez jakiteko txosten juridiko bat eskatu dutela azaldu dute.
Udalerriko gaiei buruzkoak ez ezik, 35/02 sumarioaren inguruko mozioa ere onartu dute. Sumarioa guztiz arbuiatu eta Herriko tabernen auzia artxibatzeko eskatu dute.
Bestalde, siriar errefuxiatuen gaineko adierazpen instituzionala ere onartu dute. Bertan, Europar Batasunari, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, bakoitzak bere eskuduntzen arabera jarduteko eskatu diete.