18:30etatik aurrera lehiatuko dute denboraldiko bosgarren jardunaldia, Malosten. Talde gernikarrak 2015-2016 denboraldian etxean jokatzen duen hirugarren norgehiagoka izango da.
Hain zuzen, gernikarrak etxean duten bolada ona mantentzen saiatuko dira jardunaldi honetan. Izan ere, orain arte Malosten jokatutako partida guztiak irabazi dituzte. Lehenengo jardunaldian 78-72 hartu zuten mendean Mann Filter talde zaragozarra. Hirugarren jardunaldian, berriz, 73-62 nagusitu zen C.R.E.F. ¡Hola! talde madrildarraren kontra.
Bestalde, etxetik kanpoko bi neurketetan aldeko eta kontrako emaitzak lortu dituzte. Bigarren jardunaldian, 67-56 galdu zuten Perfumerias Avenida taldearen aurka, Salamancan (Espainia). Aurreko asteburuan, aldiz, etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratu zuten Lleidan (Herrialde Katalanak), Cadi La Seu taldearen kontra 54-65-ko emaitzagaz nagusituta.
Gainera, Emakumezkoen ligako estatistikei dagokionez, bigarren talde baloratuena da 68,8-ko batez bestekoagaz (Girona da lehenengoa 80-ko batez bestekoagaz). Halaber, jaurtiketa libreetan eta hirukoetan emaitzarik onenak lortu dituen taldea da. Erasoan, berriz, laugarren talde onena da.
Gernika Bizkaia sailkapeneko hirugarrena da, zazpi puntugaz. Campus Prometek, ostera, bost puntu eskuratu ditu orain arte, eta sailkapenean hamabigarren dago.
Spar Citylift Girona da Emakumezkoen ligako liderra, eta Perfumerias Avenida bigarrena; Star Center-Uni Ferrol da laugarrena. Lehenengo lau talde horiek zazpina puntu dituzte.
Iazko aurkezpen ekitaldia.
Bihar Gernika KESB-en aurkezpena
Bestalde, bihar arratsaldean hitzordu garrantzitsua dute Gernika Bizkaiako jokalariek. 19:00etatik aurrera Gernika KESB-en dauden talde guztien aurkezpena egingo dute Malosten.
Ikastetxeetako eta klubeko talde guztien aurkezpena izango da. Hain zuzen ere, 30 bat talde eta 500 jokalari inguru bilduko dira. Ohitura legez, taldeak banan-banan aterako dira kantxara, beheko mailetatik hasi eta Emakumezkoen ligako taldeagaz amaituta. Gero, denek batera talde argazkia aterako dute.