Ikasturte berria aurkeztu du Gernikako Berbalagunek
2015-2015 ikasturtean ere euskalduntzearen aldeko apustua egingo du Gernika-Lumoko Berbalagunek. AEk-k, udal euskaltegiak, udaleko euskara zebitzuak eta Euskal Herrian Euskarazek (EHE) hamairugarren urtez garatuko dute Berbalagun egitasmoa. Aurten, gainera, eskaintza zabalagoa ekarriko dute herrira. Gernika-Lumoko Udaleko euskara teknikari Bittor Zarrabeitiak azaldu duenez, iaz garatu ezin zuten Gurasolagun egitasmoa martxan jartzeko ahalegina egingo dute aurten. Horretarako, Urtxintxa eskolaren laguntza izango dute, eskoletan euskaraz berba egingo duten guraso taldeak sortzeko asmoz.
Bestelako berritasunak ere badakartza Berbalagunek ikasturte berrirako. Berbalaguneko dinamizatzaile Pili Ibarrak aurreratu duenez, Gurutze Gorriaren laguntzarekin lehen sorospenen ikastaroa antolatuko dute. Bestalde, bihartik aurrera, lehiaketa berri batean parte hartzeko aukera izango dute gernikarrek, Berbalagunen blogean (
gernikaberba.blogspot.com).
Non ote dago? izango du goiburu internet bidezko lehiaketa horrek, eta Berbalagunek toki argazki bat eskegiko du hilero. Leku hori zein den asmatu beharko dute parte hartzaileek, eta erantzuna zuzen ematen dutenen artean saria zotz egingo dute, zortzi pintxorako bonoa, hain zuzen.
Urteroko eskaintza mantendu
Bestalde, orain arteko lehiaketa, tailer eta irteerak ere egingo dituzte ikasturte berrian. Hil bukaeran egiten dituzten mendi irteeretan lehena hurrengo zapatuan egingo dute –urriaren 24an–. Ziortza-Bolibarrera joango dira autobusez, eta buelta oinez egingo dute, Done Jakue bidea jarraituz.
Era berean,
Ezetz jakin lehiaketari azaroan emango diote hasiera, eta dantza ikastaroa edota joste tailerra ere eskainiko ditu Berbalagunek ikasturte berrian.
Mintza praktika
Ekimenetan parte hartuz ez ezik, taldeka ere euskaraz aritzeko aukera ematen du Berbalagunek. Zaletasunen arabera, euskara praktikaatzeko taldeak sortzen dituzte herrian, eta bazkarian, kafea hartuz, kirola eginez… mintza praktika egiten dute. Aurten dagoeneko 10-11 talde sortu direla azaldu du Pili Ibarrak, baina gehiago sortzea espero dute. Beraz, parte hartzeko deia egin diete euskaldun berri eta zaharrei. Izena emateko orriak euskaltegietan, udaletxean edo kultur etxean bete daitezkeela gogorarazi dute. Gernika-Lumoko euskara zinegotzi Marisa Aldamizetxebarriaren hitzetan, euskalduntze prozesua oso zaila da, “baina zailagoa da euskaraz bizi ahal izatea”. Hala, euskara “positiboki” sentitu dezaten eskatu die herritarrei, “inposaketarik barik”. Hizkuntza menperatu ez arren, euskaldun sentitzeko esan die herritarrei, eta euskara erabil dezatela, inolako lotsarik gabe.