Astebeteko atsedenaldiaren ostean, Ohorezko mailako taldeek laugarren jardunaldia lehiatuko dute asteburu honetan.
Domekan Gernika Rugby taldearen eta Santboiana talde katalanaren arteko partida 12:00etan hasiko da Urbietan.
Orain arteko hiru partidetatik bakarra irabazi dute basurdeek, eta etxean lortu zuten garaipena. Bigarren jardunaldian 19-17 nagusitu zen Pozuelo talde madrildarraren kontra.
Hain zuzen, galdu dituen bi neurketak derbiak izan dira. Alde batetik, 42-20 galdu zuen lehenengo jardunaldian Hernaniren kontra. Beste alde batetik, hirugarren jardunaldian porrota jaso zuen 34-22-ko emaitzagaz Getxo Artearen kontra.
Hiru jardunaldiren ostean, Gernika Rugby taldea sailkapeneko hamargarrena da lau puntugaz. VRAC Quesos Entrepinares da lehenengoa, hamabost puntugaz. Hamahiru puntu ditu Complutense Cisneros sailkapeneko bigarrenak. Atzetik, hamarna puntugaz berdinduta daude hiru talde: UE Santboiana, Ampo Ordizia R.E eta Hernani C.R.E.