Iparragirre «berehala etxeratzeko» eskatzen mobilizazioak deitu dituzte
Domekan, Ondarroako Alamedatik abiatuko den manifestazioa egingo da. Bilbon, ostera, elkarretaratzea egingo dute martitzenean, Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurreanIbon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen preso politiko ondarrutarraren «osas...
Domekan, Ondarroako Alamedatik abiatuko den manifestazioa egingo da. Bilbon, ostera, elkarretaratzea egingo dute martitzenean, Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean
Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen preso politiko ondarrutarraren «osasun egoera erabat muturrekoa» bihurtzen ari dela eta, mobilizazioak deitu dituzte Iparra Galdu Baik plataformako kideek.Ondarroan, esate baterako, preso ondarrutarraren «berehalako etxeratzea» eskatuko duen eskualde mailako manifestazioa egingo dute domekan, 13:00etan. Berandu baino lehen, Ibon etxea! lelopean egingo da ekimena, Alamedatik abiatuta.
Plataformako kideek nabarmendu dutenez, Iparragirreren osasun egoera «oso kezkagarria» da. Gaixotasun sendaezina du ondarrutarrak; oso garatua eta larria den 3C estadioko Hiesa du.
«Geldika, amatatzen»
Senide eta lagunen iritziz, kartzelan bizi duen egoerak bere osasunari ez dio batere onik egiten. Are gehiago, 2014ko martxoaren 7an atxilotu eta berriro espetxeratu zutenez geroztik, haren osasun egoerak «gainbeheran» jarraitzen duela azpimarratu dute. «Alcala Mecoko kartzelan oso baldintza kaskarretan daukate. Gainontzeko euskal preso politikoengandik isolatuta dago, eta horrez gain, bakartuta ere badute. Bere osasun arazoak direla eta, laguntza beharrezkoa du bere egunerokotasuna normaltasunez egiteko, eta bakarrik dagoenez ez du zeinek lagundu».
Egunetik egunera bere osasun arazoak areagotzen ari direla ohartuta, «berehala etxeratzea eta askatzea» eskatuko dute domekan Ondarroako kaleetan barrena. «Ez da bidezkoa Ibon dagoen egoeran kartzelan mantentzea. Bere osasun egoera dela eta, orain momentuan ospitaleratuta egon beharko luke. Bere defentsak oso baxuak dira, eta horrez gain, duen karga birala oso handia da. Egoera hau luzatzea ez da batere ona bere egoera larriarentzat».
Era berean, presoa pairatzen ari den sakabanaketa egoera ere salatu nahi dute. «Ez dugu ulertzetzen oraindik ere zergaitik duten kartzelan, etxetik hain urrun. Ibonek bi ume ditu, eta haiek aitaren premia handia somatzen dute. Era berean, momentu honetan berak Ibonek ere ingurukoen beharra duela deritzogu».
Iparra Galdu Baik plataformako kideek Iparragirreren osasun egoeragaz oso arduratuta daude, eta «edozein momentutan edozer gerta liokela» ohartarazi dute. «Astero egin dizkiogun bisitetan bere egoerak nabarmen txarrera egin duela konturatu gara haren senideak eta lagunak. Geroago eta gogo gutxiago du denerako; amatatzen doa geldika-geldika».
Hurbilketa ere, kezkagarria
Domekan egingo den manifestazioagaz gain, datorren martitzenean (urriak 20) elkarretaratzea egingo dute Bilboko Albia lorategietan, 10:30etik 13:00etara. «Ibonen giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko eta bere berehalako kaleratzea eskatzeko, mobilizatzen jarraitu behar dugu. Berebiziko garrantzia dauka, Ibon Euskal Herrian dagoen bitartean ere, mobilizazio ildoa mantentzeak eta berau areagotzeak. Horregatik Iparra galdu baik palataformak Ibonen epaiketaren harira antolaturiko mobilizazioetan parte hartzea eskatzen dizue guztioi».
Bilboko elkarretaratzera joan nahi dutenentzat autobusa antolatu da Ondarroatik zuzenean. 09:00etan irtengo du autobusak Zaldupetik eta bertan joan nahi dutenek, Kulixkan edo Anaitasuna tabernetan eman beharko dute izena.
Hain zuzen ere, 10:45etik aurrera, preso sozial batek jarritako salaketaren harira epaituko dute Iparragirre, Buenos Aires kaleko epaitegian. «Basauriko kartzelan zela, 2014ko apirilean, eraso bat jaso zuen Ibonek beste preso sozial baten eskutik. Hainbat ukabilkada jaso zituen Ibonek, eta salaketa jarri zuen. Bere erasotzaileak, ostera, eskuan zauri bat zuela argudiatuta, Ibon salatu zuen. Ibonek jarritako salaketa artxibatu bazen ere, bere aurkakoa aurrera eraman dute».
Datorren martitzenean Bilbon epaitua izateko, aldiz, Alcala Mecotik Basauriko edo Zaballako kartzelara tokiz aldatuko dutela uste dute plataformako kideek. Euskal Herriratzea, hortaz, hurrengo orduetan edo egunetan egingo denaren susmoa dute. «Ez dakigu zehatz noiz hurbilduko duten».
Bestalde, preso ondarrutarra nola Euskal Herriratuko duten erak zeharo kezkatuta ditu haren ingurukoak. «Eskuburdinekin eskuak gerriaren atzekaldean lotuta furgoi batean sartzen badute, bere osasun egoera oraindik ere txarragoa bihurtu daitekeenaren beldu gara. Orain makal baldin badago, horrelako bidaia luze baten ostean nola gera liteeken ez dugu pentsatu nahi ere egin».