Hain zuzen ere, alderdi popularrak Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordean aurkeztutako arauz besteko proposamena da aho batez onartu dutena.
PPk aurkeztu duen arauz besteko proposamen horretan, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Mundakako Udalari eta Urdaibaiko Patronatuari eskatzen diote «ezker olatua babesteko legezko modurik onena azter dezaten». PPko Bizkaiko Batzar Nagusietako ahaldun Arturo Aldekoaren arabera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren baitan dagoen inguru natural hori kontserbatzea oso garrantzitsua da, surf zaleen artean daukan erakargarritasuna kontuan izanik». Aldekoaren ustez, «gure herriaren» irudi «oso positiboa» ematen duen kirol modernoa da surfa.
Batzarretako talde guztiak agertu ziren Mundakako ezker olatua babestearen alde, talde bakoitza bere ñabardurekin, baina.
EH Bilduko Dabid Lopategik, inguru horretan klimaren eta estuarioaren aldaketak eragiten dituen «kontrolatu ezineko fenomenoak» gertatzen direla aipatu zuen. Hortaz, «zenbat eta gutxiago egin, denontzat hobe», esan zuen. EH Bilduren ustez, «hareatzak bere onera eroaten dituena, natura bera izatea da onena».
PSE-EEk eta Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ), berriz, gune hori Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren babesari buruzko araudiak babesten duela gogorarazi zuten. Jon Sanchez jeltzalearen hitzetan, «alderdi popularraren proposamenak orain arte badakiguna berresten du, hau da, Mundakako olatua babestuta dagoela, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dagoelako. Gune horrek Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan bat dauka». Hala eta guztiz ere, olatua kontserbatzeko beharra berresteko inongo arazorik ez dutela esan zuen Sanchezek: «Nahiz eta herritarrek mota guztietako iritziak dituzten, eta inguru horretan egin daitekeenari buruzko uste desberdinak dauden arren».
Munduan ezaguna da Mundakako ezker olatua, surflari ugari erakartzen ditu. Olatua Mundakako hondarpean hasi eta Laidako hondatzan amaitzen da. Hego-mendebaldeko haizeek sortzen duten olatuak lau metroko altuera eta 400 metroko luzera izan dezake. Olatuak tutu bat eratzen du eta barrutik surflariek kostalde osoa ikusteko aukera izaten dute. Ezaugarri horrek «balio erantsia» ematen dio Mundakako ezker olatuari.