Zapatuan Bilbon egin bezala, gaur Bermeon lehiatu dute Bilbao-Bermeo City Downhill txapelketa, eta Johannes Fischbach alemaniarra izan da garailea. Matt Walker zelanda berritarrak eskuratu du bigarren postua eta Tomas Slavik txekiarra hirugarren sailkatu da.
Bestalde, Basque Country City Downhill Opena lehiatu dute, eta Fernando Olañeta barakaldarra nagusitu da. Iraitz Etxebarria mungiarra sailkatu da bigarren Euskal Herriko txapelketan, eta Daniel Olarra gorliztarra izan da hirugarrena.
Munduko rider profesional onenen eta hasiberrien ikuskizunaz gozatu dute gaur Bermeon bildutakoek.
Partaideek Bermeoko alde zaharreko kaleetatik zirkuitu ikusgarria egin dute. Bizikleta gainean, saltoak, birak eta oztopoak gaindituz erakustaldia eman dute. Haien abilezia bertatik bertara ikusteko jendetza batu da udalerriko kaleetan, batik bat, Lamerako helmugan, eta profesionalen zein amateurren abileziagaz aho zabalik geratu dira ibilbidean zehar bildutakoak.
Tala ingurutik hasi, eta Goiko Plazatik igarota Lamerarainoko ibilbidea egin dute, zirkuituan zehar oztopo ugari gaindituz. Gainera, zailtasun bat gehiago izan dute, euriagatik zorua irristakor egon baita.
Hain zuzen ere, etengabeko euriaren ondorioz, probaren ordutegia aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Egun osoko proba izan behar zena, 15:00ak aldera bukatu da. Eta sari banaketa ekitaldia ere berehala egin dute. Bertan, Irune Ormaetxea udalerriko kirol zinegotziak eman dizkiete sariak, eta Bermeon egonik, txapeldunari txapela janzteaz batera, herriko jaietako zapia ere ipini dio.
Hala, entrenamenduak amaitu eta berehala sailkapen saioari ekin diote, eta 14:30etatik aurrera lehiatu dute finala. Euria ez da oztopo izan ez parte hartzaileentzat ezta ikusleentzat ere.
Txirrindulari federatuek bakarrik hartu zezaketen parte, eta 55 parte hartzailek izena eman badute ere, baten batzuk azken orduan ez lehiatzea erabaki dute. Emakume bakarrak parte hartu du txapelketan, 17 urte besterik ez dituen Karla Adalid katalanak. 23 urtez azpikoen Espainiako egungo txapelduna da Adalid.
Sailkapen fasearen ostean, 28 riderrek jokatu dute finala.
Ez Bilbon ezta Bermeon ere faboritoek ez dute hutsik egin. Zapatuan ere Fischbach izan zen nagusi, Walker hirugarren sailkatu zen, eta haren aurretik Filip Polc txirrindulia izan zen bigarrena.
Hilaren 24ean finala
Bilbon eta Bermeon jokatutako txapelketa Munduko muturreko bizikleta jaitsiera txapelketarako puntuagarria izan da.
Euskal Herrira heldu aurretik, Valparaison (Txile), Santosen (Brasil) eta Bratislavan (Eslovakia) aritu dira lehian mundu mailako rider onenak eta hurrengo hitzordua Taxon (Mexikon) daukate hilaren 24ean; orduan izango baita City Downhill txapelketaren final handia.