Zazpigarren erronka bete barik, badabil hurrengoen pentsamenduan, burua «beti martxan» baitu. Oraindik, baina, zazpi eguneko lasterketa amaitu beharko du Kalaharin.
Argazkilaria: Haglofs
Momentuz, ez du gelditzeko asmorik Julen Urdaibaik (Bermeo, 1974). Zazpigarren erronka betetzera doa egun gutxi barru. Beroan eta hotzean lehiatu da, eta berriro, beroa aukeratu du. Hegoafrikara doa oraingoan, Kalahari basamortura, hain zuzen ere. Horretarako, Bermeon bertan prestatzen ari da; herrian zein inguruko mendietatik ibiltzen da korrika. Euskal Herriko korrikalari bakarra izango da bermeotarra. Urriaren 20an abiatuko da Hegoafrikarantz, izan ere, 21ean antolatzaileekin egon beharko du. Lasterketa, berriz, hilaren 24tik 30era bitartean izango da.
Erronka batetik bestera, berriro ere basamortua aukeratu duzu lehiatzeko. Nora zoaz oraingoan?
Iaz Islandian egon nintzen, eremu bolkanikoan eta iluntasunean. Aurten berotara noa berriro, Hegoafrikara, Kalahariko basamortura. Kalahari Augrabies Extrem Marathon proban lehiatuko naiz, hain zuzen ere. Lasterketa azken urteetako formatu berekoa da. Zazpi egunerako beharrezkoa dudan guztia soinean eroan beharko dut, beste behin ere. Ura izan ezik, arropak, bazkaria, lo egiteko zakua, sendagaiak… eroan beharko ditut nire gain.
Soinean eroan beharreko zenbat kilotaz ari gara?
Lehenengo egunean, gutxi gora behera, zortzi edo bederatzi kilo inguru edukitzen ditu motxilak. Ondoren, pisua jaisten doa, baina kontuan izatekoa da norberaren nekea ere goraka doala. Soinean daramazun pisua gutxiago izanda, ematen du azkarrago korrika egiten dudala, baina ez da horrela izaten, nekeak ez baitu uzten.
Zergatik aukeratu duzu berriro basamortua?
Ekosistema desberdinetatik ibili izan naiz. Iaz, esaterako, bolkanikoan ibili nintzen; aurten, sabanara noa. Orain arte probatu ditudan ekosistemetatik, desertua da gehien gustatzen zaidana; beroa ondo daroat. Saharan egiten dituen 50 graduekin aritu izan naiz, bai eta Antartidako 30 graduekin ere; uste dut berotan hobeto moldatzen naizela. Niretzat eramangarriagoa da.
Zazpi egun, atsedenik barik?
Zazpi egun dira, baina sei etapa. Etapa horietako bat gainontzekoak baino luzeagoa izaten da, eta kasu horretan, 82 edo 84 kilometro inguru izango ditu. Etapa hori betetzeko antolatzaileek bi eguneko epea ematen digute. Bi egun izan arren, egun bakarrean amaitzea litzateke hoberena. Horrela, atsedena hartzeko egun bat izango nuke. Lasterketa horretan, guztira, 252 kilometro egin beharko ditut.
Zer izan liteke zailena?
Urteetako esperientziagaz, hasierako akats nagusiak konpontzen dituzu, xehetasunak gehiago zehazten dira. Gauza asko ondo menperatuta dauzkat; zer jan, esaterako. Proba honetan, baina, gauak beldurtzen nau. Egunez 35 gradu inguruko tenperatura izango dugu, eta gauez, aldiz, tenperatura gradu batera jaisten da. Alde handia dago, eta hori ezin liteke entrenatu. Mota honetako probetan gau txar batek ondorioak dakartza, hurrengo egunean ere korrikan egin behar baita, bai eta hurrengoan ere. Beraz, zein motako arropa eroan ondo asmatu beharra daukagu, pisu handia eroan barik. Beti borroka bera daukagu: gauza onak eroatea, pisu gutxikoa eta tamaina txikikoa.
Helbururik finkatu duzu?
Gauzak txarto ez badoaz, proba amaituko dudala uste dut. Azken lasterketetan sailkapenean goian egon naiz, eta nire asmoa ahalik-eta lasterketarik onena egitea da, baina goian egoteak ez nau larritzen. Ez dut nire burua estutu gura, ez naizelako mundu honetan sartu horretarako. Egia da, denbora pasa ahala, itxaropena gero eta handiagoa dela; beti gura delako hobetu.
Zelan ari zara prestatzen?
Aurton, uda berotsua eduki dugu entrenatzeko. Baina beroak ez nau beldurtzen, 30 gradu zer den jakin badakit. Proba neguan izango balitz gehiago nabarituko litzateke tenperatura aldaketa hori. Alde horretatik lasai nago. Oraingoan ez dut entrenamendu berezirik egin. Herritik ibiltzen naiz korrika, baina, batez ere, mendian aritzen naiz. Ohiko errutina jarraitu dut. Ez dut uste kasu honetan, klima erabakigarria izan ahal denik.
Babesleak aurkitzea zaila izaten al da?
Bi babesle ditut, biak kirol mundukoak. Suediako Haglofs markak lasterketarako beharrezkoa dudan material guztia ematen dit, eta hori ez da gutxi. Frantziako Overstims markakoek, berriz, zazpi egunerako elikadura ematen didate. Hortaz, zorionekoa naizela esango nuke. Izan ere, bi marka horiek nireganako konfiantza agertzen dute. Ekarpen ekonomikoari dagokionez, gehi- ago kostatzen da. Proba honetara joatea garestia da. Izena ematean, 2.400 euro ordaindu behar dira, eta horri, Hegoafrikara joateko hegaldia gehitu behar zaio. Lehen, dosierrak prestatu eta enpresetan aurkezten nituen, baina gehiengoak ezetzak ziren, eta nekatu egiten du horrek. Nik egiten dudan kirola ez da komunikabideetan asko agertzen den horretakoa, eta zailagoa da finantzazioa lortzea. Beraz, aurten, inora jo barik, nire poltsikotik ordaindu dut.
Eguna hurbiltzen doa. Urduritasuna nabaritzen al duzu?
Ez, aurten lasaiago nago. Aurreko urteetan urduriago egoten nintzen; esperientziaren kontua izan daiteke. Egun, badakit zer den egin behar dudana. Ondo entrenatu dut, eta lasai nago.
Euskal Herriko parte hartzaile bakarra izango zara.
Hala da, bai. Espainiarrik ere ez doa. Antolatzaileentzako ikurrina ere erosi behar izan dut, gurea jartzeko.
Buruan al daukazu hurrengo erronka?
Burua beti daukat martxan, eta galdetu dut zenbait lasterketagatik. Arabian egiten den lasterketa bat dut gustuko, hori ere desertuan izango litzateke. Bestalde, Siberiako Baikal aintziran egiten den maratoi batera joateko izena emanda daukat. Ur gezaren munduko erreserbarik handiena da, eta neguan izoztu egiten da, eta aintziran bertan egiten da 42 kilometroko maratoia, egun bakarrean. Martxoaren 4an izango litzateke. Izena emanda daukat, eta onartu egin naute, hala ere, ez dakit joango naizen. Egun bakar baterako hegaldi luzeegia da; munduaren beste aldean dago Siberia.
Gelditzeko asmorik ez daukazu, orduan.
Ez, gorputzak erantzuten duen bitartean… Gainera, ilusioa daukat. Dena ez da lan egitea.