Gernika gudarostea omendu dute
Gernika gudarostearen omenezko eskulturaren ondoan ipini dituzte Frantzian nazismoa borrokatu zuten gudari guztien zerrenda: bizirik direnak, zauritu zirenak eta hildakoak. Denak jasota daude Pasealeku gaineko oroigarrian, Amets hilezkorren oroimenez goiburu duena.
Frantzisko Perez Paco eta Jose Ramon Aranberria Machote gudariak, zein Gernika bataloian aritutako beste hainbesteren senideak ere han izan ziren atzo. Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok esan zuenez, «Gernikak ez du ahaztu nahi. Historia ahaztuta, murriztuta edo trukatuta ez da ezer konpontzen». Horregatik Frantzian borrokatu zuten euskaldunak ez dituztela ahaztuko nabarmendu zuen. «Nazien aurka borrokatu zuten, urte gutxi lehenago Gernika bonbardatu eta herriari su eman zion ejerzitoaren kontra, hain zuzen». Askatasunaren eta demokraziaren aldeko borroka egin zutela aipatu zuen alkateak, eta atzo bistarazi zuten oroigarria haien omenez dela.
Lehenago, Juntetxean, Gernikako arbolaren azpian, ere omenaldia egin zieten. Bertan, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak hartu zuten hitza. Rementeriak eskerrak eman zizkien gudariei.«Gaur hemen bagaude benetan zuei esker da», esan zuen.
Francisco Perez, Batzar Etxeko liburuan sinatzen
Pantaila handira
Gudari horiek bizi izan zutena jaso du Iban Gonzalez zuzendariak Batallon Gernika. Askatasunen ametsa dokumentalean. Atzo estreinatu zuten, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian, eta estreinaldian izan ziren Frantzisko Perez eta Jose Ramon Aranberria. Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu zuen film luzearen aurkezpenean.
Franck Dolosorrek idatzitako historiak Perezek, Aranbarrik eta haien kideek bizi izandakoa erakutssi gura dio euskal gizarteari. 70 urtera Bigarren Mundu Gudan gertatutakoa kontatzea garrantzitsua dela dio Frantzisko Perezek. 1922. urtean jaio zen nafarra bizirik atera zen frentetik. Askatasun eta justiziaren beharrak bultzatuta joan zen borrokara: «Nazismoa garaitzea zen nire asmoa, han edo hemen». Baina, nazismoa garaituta, halakorik ez zuen ikusi. «Bigarren Mundu Gerra amaituta ere jazarpena ez zen bukatu. Beraz, arriskuan zeudenei lagundu eta Frantziara heltzen laguntzen nien». Euskal Herria justizia eta askatasuna lortzetik «urrun» dagoela dio.
Gudari denak gogoan
Eskerrak eman zizkien Unai Rementeriak gudariei
Aranberria ondarrutarrak Pointe de Graveko borroka ekarri zuen gogora tazokoan. «Nik bizi izan nuena oso gogorra izan zen». Frantzia naziengandik askatzeko azken borrokaldi hura atzoko ekitaldian aipatu ez izanak harrituta utzi zuen Aranbarri. «Ni han izan nintzen, batzuk hil egin ziren, eta beste batzuk zauritu, borrokan». Atzo, Gernikan gudarosteari egindako omenaldian, denak gogoan zituela esan zuen Aranberriak.