Gernika-Lumoko Jai Alain jendetza batu zen zapatuan.
Beaskoetxea eta Aldazabal bikoteei bi set-ak irabazi zizkien. 10-15 amaitu zuten lehenengo set-a, eta 11-15 bigarrena.
Herenegun arratsaldean Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua jendez bete zen punta-puntako puntisten jokoaz gozatzeko asmoz. Eta protagonistek ez zuten hutsik egin. Harmailetan giro ezin hobea egon zen, eta ikuskizun aparta eskaini zuten zestalariek. Sake guztiz bizkorrak, dejadak, bi paretak, eskuinaldeko erreboteak… denetarik ikusteko aukera egon zen.
Goikoetxea zumaiarra izan zen norgehiagokako onena; erakustaldia emanez, partida bikaina jokatu zuen. Erkiaga ere ederto aritu zen atzean, hutsegite gutxi eginez. Aurkariek ere eutsi zieten, eta beren estrategia eginez jokatu zuten: pelota hila, atzean nagusituz eta Beaskoetxeari tantoak amaitzen utziz.
Bigarren set-ean Beaskoetxea eta Aldazabal hobeto aritu ziren, akats gutxiago eginez eta Beaskoetxeak erakustaldia emanez. 10-7 jarri ziren aurretik markagailuan, baina, ezin izan zuten nagusitasun hori mantendu.
Barandikaren eta Lekerikabeaskoaren debuta
Bestalde, aipaturiko bi bikoteen lehiaren aurretik, datorren urtean Deniara joango diren Xabi Barandikaren eta Unai Lekerikabeaskoaren debutaz gozatu zuten zesta punta zaleek. Biek maila onean daudela erakutsi zuten, eta profesionaletara salto egiteko arrazoiak badituztela argi utzi zuten.
Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa.
Christophe Olhagaz jokatu zuen Lekerikak eta Xabi Inzagaz Barandikak. Bikote bakoitzak set bana irabazi zuenez, berdinketa hautsi behar izan zuten. Azkenean, 4-5-eko emaitzagaz Lekerikarentzat eta Olharentzat izan zen garaipena.
Lehenengo set-ean Barandika eta Inza nagusitu ziren. Berdinduta joan zen lehia, eta horiek galtzen hasi arren, markagailuari buelta eman eta lehenengo set-a irabazte lortu, eta 15-14 amaitu zuten.
Bigarrenean, emozio gutxiago egon zen. 1-10 emaitzagaz markagailuan aurretik ziren urdinak, eta Barandikari eta Inzari ez zitzaizkien jokaldiak ondo atera. Hala, 6-15 amaitu zuten bigarren set-a.
Partida erabakitzeko jokaturiko azken txanpan, 1-4 jarri ziren aurretik Lekerika eta Olha. Hala ere, 4-4 berdintzea lortu zuten Barandikak eta Inzak, baina, garaipena balio zuen partidako azken tantoa Lekerikak eta Olhak lortu zuten.