Adrianne Ross, Gernika Bizkaiaren azken fitxaketa.
Herenegun 67-56 galdu zuten gernikarrek Salamancan (Espainia). Egindako lan onagatik “burua goian” duela jaso du taldeak porrota.
Taldea “sendo, serio eta lan ona eginez” aritu zen batik bat lehenengo ordu erdian. Baina, Vanessa Gidden etxeko jokalariak gernikarrentzat partida maldan gora ipini zuten.
Norgehiagoka irabazten hasi ziren Gernika Bizkaiako neskak. Lehiari ekin eta bost minutura, 4-10-ko markagailuarekin aurretik ziren. Baina, jaurtiketa libreekin etxeko taldeak aldea murriztu, eta berehala aurretik jarri zen.
Popen eta Vanderwallen hirukoei esker, 19-20 amaitu zuten lehen laurdena. Bigarren laurdenean, erasoko jokaldiak gutxitu ziren, eta bi taldeen arteko berdintasuna nabarmendu zen. Hala, 30-31 heldu ziren atsedenaldira.
Ondoren, etxeko jokalari diren Gemeloren eta Giddenen arteko elkarlana gernikarrak estutzen hasi zen, erasoan aurkariari min eginez. Hala ere, bitartean Edwardsek bere jaurtiketetan asmatu zuen.
Baina, 39-40-ko markagailutik 52-40-kora igaro ziren oso denpora gutxian. Perfumerias Avenidak Emakumezkoen ligako talde faboritoetakoa dela erakutsi zuen beste behin. Hala ere, Gernika Bizkaiako jokalariek ez dutela amore ematen agerian utzi zuten, eta puntuak pilatzen ahalegindu ziren behin eta berriro.
Ross, azken fitxaketa
Bestalde, zapatuan lehiatutako denboraldiko bigarren jardunaldian Victoria Llorentek eta Adrianne Rossek debutatu zuten. Azken horren fitxaketaren berri barikuan eman zuen klubak.
Ross estatubatuarra da eta 28 urte ditu. Eskolta lanetarako fitxatu du taldeak, baina, behar denetan jokoaren antolatzaile moduan ere jokatuko du.
Texas Christian Universityn hasi zuen ibilbidea, eta 2008an WNBA-n ere jokatu zuen San Antonio Silver Stars taldeagaz. 2009-2010 denboraldian Europara heldu eta hainbat ligetan aritu da: poloniarrean, turkiarrean, suediarrean eta espainiarrean. Hain zuzen ere, Emakumezkoen liga espainiarrean 2010-2011 denboraldian jokatu zuen Lleidako (Herrialde Katalanak) taldeagaz.
Mario Lopez taldeko entrenatzaileak zehaztu duenez, esperientziadun jokalaria da, eta garrantzitsua da emaitza onak lortu zituen Cadi La Seu taldean aritu izana. “Kanpoaldeko lerroa osatzera dator. Espero dugu bere esperientzia lagungarri izatea, eta baita bere bakarkako kalitatea ere. Erasoan oso azkarra da, eta kontrako jokaldietan aurkariak desorekatzeko gai da. Gainera asko lagundu diezaiguke defentsan duen intentsitateagaz eta baloiak lapurtzeko duen abileziagaz”.