Gazteei zuzendutako Irakurketa Kluba abiaraziko dute Bermeoko Udal Liburutegian
Beste behin ere, 2015-2016 ikasturterako Irakurketa Kluba ekimena abiaraziko du Bermeoko Udal Liburutegiak. Jakinarazi dutenez, 8 eta 9 urteko umeengan irakurzaletasuna suspertzea du helburu nagusi. Hil honetan hasiko da ekimena eta maiatzean amaituko da.
Hilero ordubeteko saioak egingo dituzte. Metodoaren oinarria «denek parte hartzea da». Horretarako, saio guztietan izango dira hezkuntza eta dibertsioa uztartzen dituzten jarduerak. Saio bakoitzareko unitate didaktiko bat prestatuko du ekimeneko dinamizatzaileak.
Irakurzaletasuna suspertzeko eta liburuekiko atxikimendua sortzeko, «umeen gurari, interes eta fantasia pertsonalak abiapuntu hartuta», hainbat joko eta dinamika egingo dituztela azaldu dute.
Udal Liburutegitik adierazi dutenez, «giro atsegina» sortu gura dute aipatu irakurketa klubean; hala, «umeak gustura eta pozik egotea eta umeengan liburuak irakurtzeko gogoa piztea» da, hain zuzen ere, euren helburua.
Era berean, umeek liburutegia zertarako den eta nola erabiltzen den ikastea ere gura dutela diote; «apurka-apurka liburuak euren kabuz aurkitzeko gauza izan daitezen». Izan ere, Bermeoko liburutegiaren ustez, «irakurtzearekin gozatzen ikasten dute umeak arin hasten dira liburuz liburu kuxkuxeatzen, baina hrretarako liburuak mota askotakoak direla jakin behar dute, eta bakoitza aurkitzeko nora jo behar den ikasi».
Irakurketa Klubean parte hartu gura dutenek edota informazio gehiago jaso gura dutenek, liburutegira jo beharko dute.
Nagusientzako, Irakurleen txokoa
Bestalde, nagusiei begira, Udal Liburutegiak eta Bermeoko Udalaren Euskara Sailak irakurleen txokoa antolatu dute. Irakurleen txokoko parte hartzaileak hilean behin batzen dira, hain zuzen ere, hileko hirugarren eguaztenetan, eta euskarazko liburu bati buruz egiten dute berba. Taldeak, horretarako, dinamizatzaile baten laguntza izaten du, eta parte hartzaile bakoitzak irakurri duten liburu horri buruzko iritzia azaltzen du.
Irakurleen txokoa ekimenaren bitartez, Bermeoko Udalak euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatu nahi du batetik, eta bestetik, euskaraz idazten duten idazleak ezagutara eman nahi dituzte. Horrez gain, talde egonkor bat lortzeko helburua dute eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea ere.
2015-2016 ikasturteko saioak 18:30etik 20:15era izango dira Udal Liburutegiko hirugarren solairuan. Irakurleen txokoan parte hartu gura duten horiek, hilaren 14a baino lehen eman beharko dute izena.