Mugimendu modernoaren jabego arkitektonikoa zerrendatzea, zabaltzea eta babestea helburu duen nazioarteko Docomomo Fundazioak Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiko sarreran jartzeko xafla bereizgarri bat eman zuen, eta gaur bildu dira frontoian bertan, xafla hori kokatzeko.
Beste hainbaten artean, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatu Lorea Bilbao, Euskadiko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialeko ordezkari Matxalen Akasuso eta elkargoko presidente Pablo Nistal izan dira gaur Jai Alaiko ekitaldian.
Gorroñok hartu du lehenengoz hitza, eta Secundino Zuazo arkitekto bilbotarrak proiektatutako frontoi horrek herrian eta herriko gazteen artean sortutako eraginaz hitz egiten hasi da. Jai Alaiko ateak 1963. urtean ireki zirela gogorarazi du Gernika-Lumo alkateak.
Akasusok, aldiz, eraikuntza hori «zaindu eta gordetzeko, eta kontatu eta zabaltzeko» eskaria egin die Gernika-Lumoko Udalari eta Bizkaiko Fotu Aldundiari. Era berean, elkargoak ondare horren balio arkitektonikoa «burubelarri aldarrikatzen» jarraituko duela nabarmendu du.
Bilbaok, bere aldetik, Gernika-Lumoko erdigunean kokatuta dagoen hori zaintzeko eta babesteko konpromisoa erakutsi du: «Ondare hori aintzakotzat hartzea eta balioaztatzea gure zeregina da». Halaber, Bizkaia ezagutzeko Jai Alai frontoian «derrigorrezko geldialdia» egin behar dela adierazi du.
Gonzalo Beaskoetxea puntista izandakoa eta haren seme Diego Beaskoetxea puntista izan dira xafla hori jartzeaz arduratu direnak.