Gernika Bizkaiak Euskal Kopa eta denboraldiko lehen partida irabazi ditu. Mario Lopezek (Gernika-Lumo, 1967) argi du mailari eustea dela denboraldiko helburu nagusia. Halaber, zaleen eta babesleen laguntza eta babesa nabarmendu ditu.
Denboraldia etxekoen aurrean Mann-Filerren kontrako garaipenagaz hasi duzue. Zelan ikusi zenuen taldea?
Taldea ondo aritu zen, eta garaipen garrantzitsua da arrazoi askorengatik. Batetik, etxeko lehen partida zelako, eta, bestetik, Arantxa Foruriaren omenaldia ere bazelako. Garaipena eskaini gura genion bai berari baita bere alabei ere. Etorri zen jendetza partidatik ahogozoagaz irten zela uste dut. Taldeak itxura ona eman zuen, bai borrokatzerakoan, baita pista barruan erakutsitako bizitasunari dagokionez ere. Espero dut jokoan pixkanaka hobetzen joatea.
Lehia hasi baino ez da egin. Zelakoa izan da denboraldi-aurrea? Zelan prestatu zarete?
Hala-moduzkoa izan da, zerra-hortzekin. Partida onak eta partida eskasak txandakatu ditugu. Esaterako, zapatuko aurkariaren kontra bi aste lehenago 30 puntuko aldeagaz galdu genuen. Baina saio onak ere izan ditugu, eta Euskal Kopako txapeldunak gara. Apur bat irregularrak izan gara, baina taldeak lan ona egin du entrenamenduetan; kalitatezko entrenamenduak izan dira. Hilabetean taldeak bilakaera izan du, eta horretan datza denboraldi aurreak.
Aurreko urteko neska batzuk joan, eta beste batzuk etorri dira. Zelan osatu duzue taldea?
Etorri direnak ez dira joandakoak ordezkatzera etorri; taldea osatzera etorri dira. Joandakoen eta etorritakoen artean konparazioak egiteak ez du zentzu handirik. Etorritako nesken errendimenduagaz pozik gaude. Pixkanaka badoaz taldea ezagutzen. Hemengo girora egokitzen ari dira, eta hori onuragarri zaie bai entrenatzeko, baita jokatzeko ere. Shanasa Sanders hilabetez proba moduan eduki dugu, baina ez du hemen jokatuko. Eskolta eta base gisa jokatu dezakeen jokalari amerikarren bat ekartzen saiatuko gara laster.
Fitxaketek zer ekarpen egingo diote taldeari?
Clarkek, besteak beste, erreboteetan eta kanpoko jaurtiketeetan lagunduko digu. Ez da puntu asko egiten dituenetakoa, baina puntuak gehitzen lagundu behar digu, esku ona du eta. Edwardsek ia 20 puntugaz zapatuan erakutsi zuen eskuetan puntuak dituen jokalaria dela. Arrisku gehiago sortu lezakeen lekuak bilatzen gabiltza. Haren defentsan hobetzen saiatzen ari gara, hori delako, agian, bere punturik ahulena. Vega jokalari beteranoa da, Argentinako selekzioko kapitaina. Urtebete geldi egon da; oraindik ez dago bere mailarik gorenean, baina badoa pixkanaka. Une zailetan haren esperientzia lagungarri izango zaigu, taldeari bultzada emango dio. Beti da ona jokalari esperimentatu bat izatea. Energia handia dauka; pistan energia ematen digu.
Azken fitxaketa Vicky Llorente jokalari argentinarra da.
Oso gaztea da, 19 urte ditu, eta oraindik ez du taldeagaz debutatu, aurreko astean fitxatu genuelako. Hiru urtez taldean izateko aukera dugu.Udan Errusian jokatutako Munduko txapelketan ezagutu nuen. Puntu gehien lortu zituen jokalaria izan zen, hamahiru erreboteko batez bestekoagaz. Espero dut orain asko laguntzea, baina, batik bat, etorkizuneko jokalaria da. Gugaz eboluzionatzeko eta taldeari laguntzeko lan egingo dugu.
Zeintzuk dira denboraldiari begira zehaztu dituzuen helburuak?
Hiru helburu argi ditugu. Batetik, taldea Emakumezkoen ligan mantentzea. Bestetik, jokalariak bakarka zein talde moduan haztea, eta, azkenik, gernikar denek saskibaloiagaz gozatzea eta partidetan gero-eta jende gehiago batzea. Bigarren urtea beti izaten da apur bat gaitzagoa. Aurreko esperientzia dugu, baina lehen urtean denak daude tartean, inplikatuta, ilusioz, motibatuta… Eta horrek ontziari bultzada ematen dio. Argi dugu denboraldi honetan ezin garela erlaxatu.
“Guretzat ohorea da partida guztietan halako jendetza taldea animatzen egotea”
Afizioa eta herri osoa zuekin bat eginda egon zen aurrekoan. Oraingoan ere etxeko lehen partidan zaleek ez dute hutsik egin.
Zapatuko erantzuna izugarria izan zen; Maloste beteta, animatzen, eta partidako momenturik zailenetan jendeak bultzada itzela eman zion taldeari. Oso pozik gaude, eta guretzat ohorea da partida guztietan halako jendetza egotea taldea animatzen. Maloste beteta, eta horrenbeste jende inplikatuta ikusteak proiektu hau aurrera eramateko oraindik ere ilusio eta motibazio gehiago izatea eragiten digu. Gainera, Maloste hutsik egongo balitz, ez litzateke oso arrazoizkoa izango Emakumezkoen ligan Gernikak talde bat izatea.
2014-2015 denboraldia seigarren amaitzea lorpen garrantzitsua izan zen. Zelan gogoratzen duzu Emakumezkoen ligako estreinaldia?
Oso denboraldi ona egin genuen. Maila igo berritan ez genuen espero seigarren amaitzea. Baliteke titulua lortzeko play off-etan sartzea lortu ez genuenean, taldea apur bat gogogabetu zela. Baina gero, bi garaipen lortu genituen amaieran. Herrian jendea erakartzeko eta saskibaloia ikusteko ilusionatzeko balio izan zuela uste dut. Boom-a izan zen; denak ilusioagaz eta taldeagaz erabat inplikatuta, baita saskibaloi zaleak ez direnak ere. Kalean gelditzen gintuzten, eta animoak baino ez zituzten guretzat. Gaitza izango da emaitza hura mantentzea, baina aukera badugu lortzeko borrokatuko dugu. Garrantzitsuena ahal bait arinen mailari eustea bermatzea da.
Eta zeintzuk dira aurkari indartsuenak edo talde faboritoak?
Avenida eta Girona dira talde indartsuenak. Biek Euroligan jokatzen dute, eta taldeak horretarako osatuta dituzte. Bestalde, Conquero, Bembibre, La Seu, Mann-Filter… Horiek sailkapenean goikaldean egon ziren aurrekoan, eta oraingoan ere horrela izango dela uste dut. Goikaldean, lehen lauren artean sartzeko borrokan egon daitezkeen sei edo zazpi talde daude. Ligan kiniela guztietako faborito nagusia Avenida izaten da. Girona aurreko denboraldiko irabazlea da. Orain Euroligan ariko da, eta asko sendotu da.
Hain zuzen, bihar Perfumerias Avenidaren aurka ariko zarete.
Ligako izarretako bat da. Titulu gehien ditu, Euroligan gehien aritu dena da, eta aurrekontu eta bazkide gehien dituena. Partida ondo prestatu dugu, eta konplexu barik lehiatzen saiatuko gara. Ez da bai ala bai irabazteko presioa edo betebeharra dugun partida. Salamancara inolako konplexu barik joan behar gara.