Maria Zorroza: "Pentsatu baino hobeto joan da denboraldia"
Txapelketa horren barruan zein beste lasterketa lehiatu dituzu? Lehenengoa Irungo Erlaitz Aiako Harriak lasterketa izan zen, eta bigarren postua lortu nuen. Alizia Olazabalen atzetik geratu nintzen, beterana bat da, eta mendiko lasterketetan izena duena. Izabako Camille Extremen ere izan nintzen, lasterketa gogorra da, eta hor hirugarren postua lortu nuen. Amurrioko Trailean bigarren postua lortu nuen.Gero, denboraldiko bigaren zatian, irailaren 5ean, iparraldean, Azkaingo lasterketa errekorra lortuz irabazi nuen. ISF (International SkyRunner Federation) Sky Runner National Serietarako puntuagarri diren probak ere egin dituzu. Bai, Euskal selekzioagaz hartu dut parte horietan. Uztaileko Zumaia Flysch maratoian hirugarren sailkatu nintzen. Aurreko biak maila handikoak ziren: Oihana Kortazar –lehenengo egin zuen–, eta Paloma Lobera katalana. Gero, uztailaren 26an, Andorraran Coma Pedrosako lasterketa zazpigarren amaitu nuen. Espektakularra izan zen, inoiz 3.000 metroko mendi batean egon barik nengoen! Guztiz sentipen diferentea izan zen. Mendi mendiko proba da, denean harria… Abentura itzela! Eta zein da hurrengo erronka? Urriaren 17ko Italiako Limone Extreme lasterketara noa, Munduko kopako finalera. Uste dut mundu honetan gauden denon ametsa dela bertan egotea, han korritzeko aukera izatea. Eta aurten bete egingo da; sari bat da niretzat. Ez dut ezer irabazteko, ezta galtzeko ere; gozatzera noa. Gainera, aurreko gauean, leku berean, nire lehen lasterketa bertikala egingo dut. Euskal Selekzioko denok goaz, baita Arrolapeko kide batzuk ere. Euskal Herritik 20 bat lagun animatu gara. Denboraldi borobiltzeko esperientzia ikaragarria izango dela uste dut. Lasterketa horregaz amaituko al duzu denboraldia? Ez dakit. ISFn hirugarren noa, eta puntuen arabera, hirugarren postua bermatzeko, agian, Bartzelonara joango naiz azaroan.“Ez naiz batere lehiakorra; gustatzen zaidalako korritzen dut, asebetetzen nauelako”
Egindako lasterketetatik zein da gogorrena edota bereziki gogoratzen duzuna? Gogorrena Andorrakoa izan zen, diferentzia handiagaz, gainera. Eta gehien gogoratzen ditudanak aurreko domekako Gorbeakoa eta Andorrakoa dira. Azken horren paisaiak, hango mendirik altuena igotzea, izan nituen sentipen desberdinak… Gainera, hori izan zen Euskal Selekzioagaz kanpora egindako lehen irteera, eta esperientzia oso polita izan zen. Entrenamendu gogorrak beharrezkoak al dira halako mailan lehiatzeko? Astegunetan lanagatik eguerdiko atsedenaldietan edota iluntzean entrenatzen dut. Entrenamendu nahikoa laburrak izaten dira; askotan asfaltoan. Bizikleta estatikoan edo eliptikan ere aritzen naiz apur bat. Asteburuetan mendian entrenamendu luzeagoak egiten ditut: Gorbea aldetik edo hemengo Atxarretik eta Ogoñotik. Hasieran mutil lagunak ipintzen zizkidan entrenamenduak prestatzaile fisikoa delako, baina selekzioan hasi naizenetik, Jokin Lizeaga bertako prestatzaile fisikoagaz nabil. Urtebete pasatxo daroazu lehian, eta tarte horretan maila handikoen pare egotea lortu duzu; ez da ez edozelako marka. Helburu zehatz barik hasi nintzen iazko uztailean, eta aurten serioago hartu dudala esan liteke. Guztia honek betetzen nauelako nabil honetan. Emaitzek jarraitzeko indarra edo bultzada ematen dute. Baina zaletasun bat niretzat. Gainera, ezagutzen duzun jendea, dagoen giroa… Ez da asfaltoko lasterketetan bezala, pikarokeria gehiago dago horietan, lehiakortasun handiagoa. Mendian beste gauza bat da: ez dagoenez profesionalizatuta, denontzat zaletasuna denez, giro polita sortzen da, eta lagun asko egiten dituzu. Zein da iaz lehiatu zenuen lehenengo proba? Nire bizitzako lehena orain dela urtebete Zumarraga-Urretxuko Goierri Garaia lasterketa izan zen, eta seigarren geratu nintzen. Asfaltoan ez dut inoiz lasterketarik egin. Arrolapen sartu eta mendi martxekin hasi nintzen. Aita alboan, oinez, eta bera ere apur bat zirikatzailea denez oinez bakarrik ez korrika ere egiten genituen tarteka. Gero Arrolapekoek eta ingurukoek ere lehiatzera animatu ninduten. Eta pixkanaka zaletzen hasi nintzenez entrenatzen hasi nintzen. Planing barik egiten nuen korrika, eta iazko denboraldiko bigarren zatian emaitzak lortzen hasi nintzen. Esaterako, Irailean, Gorbeiakoan zortzigarren postua lortu nuen, Atxondoko Sorginen lasterketan hirugarren egin nuen eta Arrankudiagan ere bigarren heltzea lortu nuen. Arrolapeko kidea zara, zenbat neska ibiltzen zarete lasterketetan? Korritzen dugunok Leire Monasterio, Araitz Irazu hernaniarra eta ni gara. Iaz, beste pare bat neska ere animatu ziren baina aurten arrazoi desberdinengatik ezin izan dute iazko antzera ibili. Federatuak askoz gehiago gara, baina, besteak menditik gehiago ibiltzen dira, lasaiago, oinez martxan egiten edo korrika baina lasaiago. Lasterketei dagokienez, pixkanaka igartzen da emakumezko gehiago garela, maila hangiadoa dela ikusten delako. Zenbat eta emakume gehiago egon, maila handitzeko aukera gehiago. Bestalde, hemendik kanpoko lasterketetan aritzeak, askotan ez ditu ingurukoetara joaten uzten, eta horrek pena apur bat ematen dit. Urdaibai Kopako probetan, orokorrean, neska gutxi daude, eta inguruko jendeak antolatu eta joan ezin izateak pena ematen dit. Aurten, esaterako, Ariatzakoa ezin izan nuen egin, eta oso polita da. Iaz asko gustatu zitzaidan duen paisaia, oso ondo antolatuta dago, harritsua da, pistetatik zoaz… Denetarik dauka. Harritu egin ninduen Ariatza inguruan halako lasterketa bat egin ahal izatea.“Limone Extreme sari bat da niretzat; ametsa bete egingo dut aurten”