Emanaldi berezia emango du gaur Nebbian bikoteak Muxikan
Haritz Laboa gernikarrak eta Valentina Ridolfi italiarrak osatutako bikoteak musika emanaldi berezia eskainiko du gaur Muxikan. Hain zuzen, 20:00etan elkartuko dira Muxikako gazte lokalean (Ugarte auzoa 18). Bi artisten jatorria ezagutzeko hitzordu paregabea izango da.
Bikote musikalarentzat ez ezik, Muxikako gazteentzat ere «kontzertu berezia» izango da gaurkoa; «batetik, herriko mediku Iñaki Laboaren semea delako Haritz , eta egun gazte lokal moduan ezagutzen dugun espazio hau bere etxea izan zelako, eta, bestetik, Valentinak ere bere jaioterriari keinu txiki bat egingo diolako». Izan ere, Erdu gazte asanbladak antolatutako kontzertu horrek musika baino gehiago ekarriko du: Italiako edari zein jakiak dastatzeko aukera, hain zuzen ere.
Antolatzaileek azaldu dutenez, «kontzertu akustikoa izango da, eta ikus-entzunezko baliabideak ere erabiliko dituzte saioa borobiltzeko». Hala, publiko zabalaren gustukoa izango delakoan dago gazte asanblada.