Domekan eta astelehenean hartuko du Gernika-Lumok urteroko hitzordu hori, eta, bertan, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako 27 ganadutegi bilduko dira.
120 abelburu horien artean gehienak bizkaitarrak izango dira, eta horiek guztiek kategoria ezberdinetan sailkatuta parte hartuko dute. Aurreko urteetan legez, Santa Ana aparkalekua izango dute abelburu horiek lehiatzeko plaza. Hala, adina eta sexuaren arabera, eta umea egin duten ala ez kontuan hartuta, Piriniotar Abelburuen Euskadiko XXIX. Txapelketan parte hartuko dute.
Hain zuzen, hamabost bizkaitar ariko dira lehian, sei gipuzkoar eta sei nafartar.
Domekan zabalduko dute azoka 10:00etan, eta, ordutik aurrera, hainbat postutan proudktuak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. 11:00etan egingo dute lehenengo lehiaketa, emeena, hain zuzen ere. Arrena, berriz, arratsaldean egingo dute. Egun horretan, gainera, Pirenaika okela dastatzeko aukera izango da.
Astelehenean izango da, aldizz, egun nagusia, orduan erabakiko baitituzte eme txapelduna, ar txapelduna, hazi-jartzearen eme txapelduna eta lehenengo ganadutegi onena. Beti ohi legez, eguerdian izango da hori.
Lehen sektorean eta piriniotar arrazan interesa duten horiek, beraz, hitzordu paregabea izango dute domeka eta astelehenekoa.
EGITARAUA
Igandea, 4
– 10:00: Azokaren aurkezpena.
Sagardoa, txakolina, gazta eta abarren postuak.
– 10:30: Trikitixa.
– 11:00: Abereen lehiaketa (emeak).
– 17:00: Abereen lehiaketa (arrak).
– Pirenaika okelaren dastapena Euskal Labelaren kalitatearekin.
Astelehena, 5
– 10:00: Trikitixa.
– 10:30: Sagardoa, txakolina, gazta eta abarren postuak.
– 13:00:Aukeraketa:
- Eme txapelduna
- Ar txapelduna
- Hazi-jartzearen eme txapelduna
- Lehenengo ganadutegi onena
– Ondoren, sari-banaketa, abereak bertan daudela.