Arrano miatu eta hainbat gauza eraman zituen Guardia Zibilak urtarrilean
Herrikoen auzia (35/02) salatu eta EH Bilduk aurkeztutako mozioari adierazpen instutuzionalaren izaera eman dio Gernika-Lumoko udalbatzak. Atzo iluntzean onartu zuten udalean ordezkaritza duten alderdiek, aho batez. Herriko tabernak eta auzi horretan auzipetu dituzten lagunak zigorraren zain daudela gogorarazi eta gaur egungo egoera politikoan horrelako prozesu judizialekin jarraitzeak adierazgarria dela esan zuen EH Bilduk. Haien iritziz, [Espainiako] Estatuak bere nagusikeria erakutsi nahi du, euskal abertzale militanteak kriminalizatuz.
Hala, 35/02 auzia bertan behera uzteko eta auzipetu zein herriko tabernei –bereziki, Gernika-Lumoko Arrano Etxeari– elkartasuna adierazteko zenbait punturekin bat egin du udalbatzak. Hala, eskubide zibil eta politikoen defentsan, horrelako egoerak atzerapauso nabarmena direla esan dute; “are gehiago, egun bizi dugun egoera politikoan”. Horrela, eskubide guztiak eskatu ditu Gernika-Lumok, “pertsona guztientzat”. Makroepaiketa politikoekin amaitzeko ere eskatu dute, eta elkartasuna adierazi auziperatuei, eta kaltetuak suertatu diren elkarte, eta tabernetako lankide eta bazkideei; “bereziki, Gernikako Arranori”.
Beraz, Euskal Herriak egun bizi duen egoera politiko berrian horrelako gertaerek lekurik ez dutela adierazi nahi du Gernika-Lumok, eta salaketa irmoa mahaigaineratu: “Bake irankor eta justu bat eraikitzeko une honetan, horrelako egoerak eman ez daitezen lan egingo dugula nabarmentzen dugu”.
24 orduko egitaraua
Bestalde, “Arrano Etxea defendatzeko” deialdia egin dute herritarrek, “eguneko 24 orduetan”. Horretarako, 24 orduko egitaaraua prestatzen ari dira urriaren 16 eta 17rako.