Urriko lehen zitarik garrantzitsuenetako bat dute gernikarrek zapatuan. Euskal Jaia ospatuko dute, beste urte batez. Dantzak, kantuak, herri kirolak, bazkaria... Gozatzeko eguna izango da.
Herri bazkaria egingo dute plazan
Jai eta ospakizunez blai heldu ohi da urria Gernika-Lumora, eta lehenengo festa zaparrada zapatu honetan hartuko dute gernikarrek, Euskal Jaiarekin. Goizetik hasita, hurrengo goizerarteko festa egiteko parada izango dute herritarrek. Bitartean, zegaz gozatu eta zertan parte hartu ez dute falta izango.
Eskaintza anitza eta orotarikoa da, gainera. Ume zein nagusi, gazte eta ez hain gazte… egitarau zabala prestatu dute aurtengo Euskal Jairako ere.
Goizeko 09:00etan hartuko du herriak euskal kutsua, merkatu plazan. Ekainetik abendura bitartean hileko lehen zapatuetan egin ohi den legez, azoka berezia izango da etzi ere. Oraingoan, sukalkiak eta errioxako ardoak gozotuko dituzte herritarren ahoak. Era berean, eskualdeko nekazarien produktuak, eukal ogia eta pastela, eztia, gazta, patea eta beste ere izango dira salgai. Artisauen produktuak erosteko aukera ere izango dute merkaatu plazatik bueltatxoa egiten dutenek.
Eta txikienek ere izango dute eurentzako tartea. UREren eskutik, umeentzako jolasak izango baitira merkatu plazan.
Txupina eguerdian
Jaiari hasiera ofiziala, baina, eguerdian puntuan emango diote –12:00etan–, Merkurio iturriaren aurrean botako duten txupinarekin.
Orduan zabalduko dituzte sagardo kupelak, eta gura duen orok izango du probatzeko aukera. Intxaurrak ere banatuko dituzte. Zelan ez, taloak ez dira faltako Gernika-Lumoko Euskal Jaian.
Behin festa hasita, herriako kaleetan zabalduko dute euskal giroa. Gernika-Lumoko Elai-Alai taldeak euskal dantzekin zeharkatuko ditu kaleak, eta Oiartzungo Olarri taldea izango du aurten bidelagun.
Bi talde horiek ipiniko dituzte pausoak… Eta doinua Euskal Herriko Kantaguneak, Segundo Olaetak eta Gazteak txistulari eta gaiteruek jarriko dute.
Sagardo kupela zabaluko dute txupinaren ostean
Zapi gorriak eta laranjak
Erregelak, herri kirolak… Bazkalaurreko ekitaldiz beteta joango dira. Gero, urtero legez, herri bazkaria egingo dute, merkatu plazan. Menua 15 eurokoa izango da, eta turismo bulegoan ez ezik, Lagun-Etxea, Auzokoa eta Etxarte tabernetan eros daitezke txartelak. Indabak, bakailaoa eta postrea bazkalduko dute herritarrek egun horretan. Ardoa eta kafea ere prezioaren barruan izango dira.
Kantuek eta dantzek girotuko dute bazkalostea, turutada hasi arte. Beste batzuek, ordea, Jai Alain egingo duten zesta jaialdian emango dituzte arratsaldeko orduak. Binakako Txapelketako finalistek errebantxa hartuko duten, eta Barandika eta Lekerikabeaskoa gernikarrek profesionaletarako jauzia emango duten arratsaldean frontoiko armailak herritarrek betetzea espero dute.
Gauean, Haitzama taldeagaz erromerian dantzatzeko aukera izango dute herritarrek Pasealekuan.
Euskal Jairako zapiak ere salgai ipini dituzte. Era berean, herriko tabernen kontrako sententzia dela eta, Euskal Jaian zapi laranjak jazteko deia ere egin dute.